Eurokopa
Bilbao Basketek hil edo biziko partida jokatuko du Frantzian
Erredakzioa
Elan Chalon izango du aurkari, eta talde bizkaitarrak garaipena behar du Eurokopan aurrera egiteko. Bertans eta Samb ez daude jokatzeko moduan, eta Carmichael sartu da deialdian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilbao Basketek hil edo biziko partida jokatuko du gaur Eurokopan. Talde bizkaitarrak Elan Chalon izango du aurkari, eta garaipena behar du 'Top 32'ra sailkatzeko.
Rafa Pueyok zuzentzen duen taldeak jokalari garrantzitsuak min hartuta ditu partida honetarako. Bertans eta Samb ez daude jokatzeko moduan, eta, ondorioz, Jackie Carmichael sartu da deialdian. Carmichaelen ACBko fitxa duela bi aste desaktibatu zuen Bilbao Basketek.
"Bertansen baja oso garrantzitsua da guretzat, bi posiziotan joka dezakeelako. Grimaurekin bete beharko dugu hutsune hori, eta Vrkici minutu gehiago eman. Carmichaelek Eurokopan jokatzeko fitxa du, eta taldearentzat lagungarria izango da", esan du Rafa Pueyo entrenatzaileak.
Bilbao Basketek Elan Chalon mendean hartu behar du Eurokopako 'Top 32'rako txartela lortzeko, eta taldea horren jakitun da. "Ez dago aitzakiarik. Gure jokoa egin behar dugu, eta, aurkariak baino gehiago, guk dakigun jokoa egiteak kezkatzen nau. Elan Chalonek asko hobetu du Frantziako ligan eta Eurokopan. Aurkari zaila espero dugu", gaineratu du Rafa Pueyok.
Bilbao Basket bere multzoko laugarren postuan dago, eta, fase honetan geratzen zaizkion bi partidak irabaztea lortzen badu, hurrengo faserako txartela lortuko du.