Eurokopa
Izar Gorria, Bilbao Basketen lehen aurkaria Last 32an
Erredakzioa
Lehen jardunaldia Belgradon jokatuko dute bilbotarrek, urtarrilaren 6-7an, eta bigarrena eta hirugarrena etxean Panioniosen aurka (urtarrilak 14-15) eta Nizhny Novgoroden aurka (urtarrilak 21-22).
Bilbao Basketek taldeko kantxarik zailenean jokatuko du Last 32ko lehen partida; Belgradon, alegia, Izar Gorriaren aurka. Ligaxka Atenasen amaituko du, Panionosen kontra jokatuta.
Eurokopak bigarren fasearen egutegia iragarri du ostiral honetan. Horren arabera, Izar Gorriaren aurkako lehen partida hori urtarrilaren 6-7an jokatuko dute. Bigarren eta hirugarren jardunaldiak, aldiz, etxean jokatuko dituzte Rafa Pueyoren mutilek: Panioniosen aurka urtarrilaren 14-15ean eta Nizhny Novgorod errusiarraren aurka urtarrilaren 21-22an.
Ondoren, bilbotarrek bidai luzea egin beharko dute (Moskutik 400 kilometrora) Nizhny Novgoroden aurka lehiatzeko (urtarrilaren 28-29an). Fasea otsailean amaituko dute Izar Gorria Miribillan hartuta (otsailaren 11-12an) eta Atenasera bidaia eginda (otsailaren 18-19an).
Izar Gorria Liga Adriatikoko liderra da, eta Eurokopako bigarren fasea jokatuko du Euroligatik kanpo geratu ostean. Belgradoko taldea D multzoko bosgarren postuan sailkatu zen, Makkabiren, Lokomotiv Kubanen, Panathinaikosen eta Laboral Kutxaren atzetik.
Nizhny Nagorov, bestalde, Eurokopako F taldeko liderra izan da, zortzi garaipen eta bi porrot lortuta.
Azkenik, Panionios bigarren izan da Eurokopako bere multzoan eta hirugarren da Greziako ligan, Panathinaikos eta Olympiacos talde indartsuen atzetik.