Krisia
Pueyo: 'Egoera gogaikarria da, baina ziur naiz konponduko dela'
Erredakzioa
Onartu egin du arazo ekonomikoek sortutako giroan kontzentrazioa gordetzea "oso zaila" dela. Taldea desegiteko arriskua dago bi asteko apean milioi eta erdi euro lortu ezean.
Rafa Pueyo Bilbao Basketeko entrenatzaileak onartu egin du klubak bizi duen egoera ekonomikoa "gogaikarria " dela eta ez duela lanerako girorik "onena" sortzen. Hala ere, baikor agertu da eta "gauzek hobera egingo dutela" uste duela adierazi du.
"Egoera konpondu egingo da, fedea daukat. Hedabideek emandako informazio berbera dut, ez besterik", esan die Pueyok Miribillako prentsaurrekoan izan diren kazetariei.
Entrenatzaileak esan duenez, "edozein lan egiteko kontzentrazioa behar duzu" eta egungo giroan kontzentrazio horri eustea "zailagoa da". Taldea desagertzeko arriskuan da bi asteko apean milioi eta erdi euro lortu ezean.
"Bai guk (teknikoak), bai jokalariak lanean ahalik eta kontzentrazio handiena izaten saiatuko gara. Hori lortzeko ahalegina egiten ari gara entrenamenduetan, eta hori oinarri hartuta, partidetan mailarik onena ematen saiatuko gara. Bi asteko epe hori bete arte, % 100ean egongo gara", azaldu du.