Eurokopa
Bilbao Basketek porrot gogorra jaso du Errusian (81-65)
Erredakzioa
Nizhni Novgorodek aise irabazi dio Bizkaiko taldeari, eta Rafa Pueyoren gizonek Last 32ko L multzoko lidergoa galdu dute.
Bilbao Basketek partida kaskarra jokatu du Novgoroden, eta Errusiako taldeak aise irabazi du (81-65). Gainera, Rafa Pueyoren gizonek Last 32ko L multzoko lidergoa galdu dute, eta atzerapausoa eman dute Europako txapelketan.
Talde beltzak ondo hasi norgehiagoka erasoan (6-9), baina Nizhni Novgorodek gogor sakatu du Errusiako kantxan, eta Rochestiek erakustaldia eman du (13-11). Errusiako taldeak 10-0eko partzial garrantzitsua lortu du, lehenengo laurdenaren bukaeran, eta Bilbao Basket ezinean aritu da (18-11).
Rafa Pueyoren gizonak galduta ibili dira erasoan, eta Rochestiek Nizhniren erasoa bikain gidatu du (24-11). Bizkaiko taldeak Mumbru bilatu du taula azpian, baina Novgorodek intentsitatearekin jokatzen jarraitu du (33-16). Bigarren laurdena, 43-26koarekin bukatu da, eta Errusiako taldea jaun eta jabe izan da.
Atsedenaldiaren ostean Alex Mumbruk puntu garrantzitsuak lortu ditu (43-31), baina Errusiako taldeak alde mantendu egin du (49-35). Bertansek hamar puntura jarri du Bilbao Basket, hiruko ikusgarri bati esker (51-41), baina Nizhnik erakustaldia eman du erasoan, eta Pueyoren gizonek gaizki defendatu dute (61-43). Hirugarren laurdena 68-48koarekin bukatu da.
Bizkaiko taldeak markagailuko alde handia murriztu nahi izan du, azkenengo laurdenean, eta jokalariek indar handiagoarekin jokatu dute taula azpian. Hala ere, Novgorod sendo mantendu da defentsan (71-54). Azkenean, Errusiako taldeak garaipena eta puntu garrantzitsua lortu ditu (81-65).
- Fitxa teknikoa:
81 - Nizhni Novgorod (18+25+25+13): Khvostov (6), Paul (2), Thompson (10), Antonov (8) eta Korobkov (11) -hasierako bostekoa-; Rochestie (18), Panin (15), Gubanov (7), Ilvev (2) eta Savelyev (3).
65 - Bilbao Basket (11+15+22+17): Raul Lopez (8), Bertans (7), Mumbru (10), Markota (11) eta Kavaliauskas (7) -hasierako bostekoa-; Grimau (8), Pilepic, Vrkic, Hervelle (2) eta Gabriel (12).
Partzialak: 18-11, 43-25 (atsedenaldia); 68-48 eta 81-65 (amaiera).