Endesa Liga, 78-68
Bilbao Basketek irabazi du derbia; tantoen aldea mantendu du GBCk
Erredakzioa
Beltzezko gizonak Gipuzkoa Basket baino hobeak izan dira (78-68), baina ezin izan dute joaneko partidan baino alde handiagoarekin irabazi. Donostiarrak ezin izan dute bolada txarrari amaiera eman.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilbao Basketek irabazi du Gipuzkoa Basketen kontrako euskal derbia Bilbao Arenan (78-68). Etxekoak beti egon dira aurretik neurketan, baita 20 puntuko aldearekin ere. Lehengo 5 minutuak igarota, azkar ihes egin du Bilbao Basketek, Gipuzkoa Basket 15 puntu atzean utzita.
Bigarren laurdenaren azken zatian, Gipuzkoa Basketek erreakzioa izan du, eta ia harrapatu du aurkaria (37-34), baina Pilepicek (12 puntu), Mumbruk (11 puntu, 8 errebote eta 7 asistentzia) eta Grimauk (17) egoera bideratu dute, eta Bilbao Basket berriz urrundu dute markagailuan. Bigarren laurdena bukatuta, aldea 9 puntukoa izan da berriro, bilbotarrek lortutako 12-0ko partzialari esker.
Lehenengo zatiko onenak, etxeko taldean, Pilepic eta Bertans izan dira, 9na punturekin. Gipuzkoa Basketen, etxera itzulitako Saldagok 8 eginak zituen. Robinsonek 7 lortu ditu atsedenaldia baino lehen. Partida bukatuta, Robinson izan da onena, 24 puntu eta 27ko balorazioarekin.
Bigaren zatian, 20 puntura iritsi da aldea. Gipuzkoa Basket, lehenengo zatian bezala, aldea txikitzen saiatu da, Robinsonen bidez batez ere. Etxekoek irabaziko zutela ikusita, Gipuzkoa Basket 'average'-a mantentzen saiatu da, baita lortu ere.
Azkenean, Bilbao Basketek partida irabazi eta Gipuzkoa Basket atzean utzi du sailkapenean. Play-offeko postuak gertuago ditu orain. Gipuzkoa Basketek bilbotarrekiko 'average'-a mantendu dute, baina ezin izan diote bolada txarrari amaiera eman. Hurrengo neurketei begira, taldeko lesioak kontuan hartuta, bi fitxaketa egingo dituela agindu du Sito Alonsok.
FITXA TEKNIKOA
Bilbao Basket: Raul Lopez (4), Vrkic (2), Mumbrú (11), Hervelle (5) eta Kavaliauskas (10) -hasierako boskotea-; Grimau (17), Bertans (12), Pilepic (12), Markota (3) eta Gabriel (2).
Gipuzkoa Basket: Salgado (10), Winchester (11), Robinson (24), Ramsdell (8) eta Doblas (4) -hasierako boskotea- Cortaberria (3), Olaizola (2), Hanley (6) eta Motos.
Partzialak: 24-14, 43-34, 68-52 eta 78-68.