Endesa Liga
Bilbao Basketen akziodun txikien talde batek akzioen % 5 bildu nahi du
Erredakzioa
Akzioen bilketa martxan duten jada sare sozialetan. Lehen asanblea datorren ostiralerako deitu dute.
Bilbao Basketeko akziodun txikien talde batek elkarte bat sortu du "gutxienez, akzioen % 5 biltzeko" (1.830 akzio). Helburua taldeko kudeatzaile berriek "elkartea kontuan hartzera behartzea" da.
Idatzi baten bidez, "BBko Bazkide eta Akziodun Txikien Elkartea" delakoak azpimarratu egin du akzioen % 5 izanda "ezohiko batzarrak deitzeko eskubidea ematen du, egoerak ala eskatuz gero, gaur egun bezala". Oharrean zehaztu dutenez, aipatutako % 5eko portzentajea "ez da helmuga, abiapuntua baizik".
"2.000 akziotik gora lortuta, akziodunen hirugarren taldea izango ginateke; eta, 4.500 akzio lortuta, bigarren taldea. Hori zaleen babesa dugula eta kudeatzaileek gu kontuan hartzeko beharra argi utziko luke. Eta ez orain arte bezala, gure iritziari ez baitiote garrantzirik eman", esan dute.
Elkartea akzioak biltzen hasi da jada, sare sozialen bidez, eta lehen batzarra datorren ostiralean egiteko asmoa agertu dute. Batzar hori "informazio gehiago nahi dutenen edozein akzioduni" zabalduta izango da.
Ezohiko batzarra
Bilbao Basketek ezohiko batzarra egingo du datozen egunetan, data oraindik erabakitzeke badago ere. Batzar horretan Gorka Arrindak talde kudeatzaile berriari akzio guztiak emateko erabakia gauzatuko da. Kudeatzaileen talde berrian Iñaki Calvo, Enrique 'Curro' Guzman, Carlos del Campo, Javier Montoya eta Juan Elejalde daude, besteak beste.
Iragan ostiralean, bi aldeek akordioa lortu zuten, "borondatez", Arrindaren akzio guztiak talde kudeatzaile berriari eman eta kluba egun blokeatuta daukan egoera gainditzeko.