Adierazpena
Bilbao Basketek epaitegietara joko du berriz ACBn onartua izateko
Erredakzioa
Taldearen arabera, finantzaketa eta zorraren inguruko baldintzak betetzen dituzte, baina ACBk orain 'bideragarritasun ekonomikoa frogatzeko datu gehigarriak' eskatzen dizkio.
Bilbao Basketek, ohar batean adierazi duenez, ACBren aurrean "klubaren eskubideak babesteko tramite administratiboak eta judizialak" hasiko ditu. "Bideragarritasun ekonomikoa frogatzeko datu gehigarriak" eskatzen ditu ACBk, taldeak "ustez ez betetako baldintzak" betetzen dituen arren.
ACBk lehiaketatik kanpo utzi zuen Bilbao Basket, Ligan parte hartzeko bi baldintza ez betetzeagatik: Segurtasun Funts Bereziak emandako dirua itzultzea eta jokalariekin izandako zorra soldata guztien %15 baino gehiago ez izatea. Taldeak helburuak betetzeko atzerapena eskatu zuen, baina ez zen onartua izan.
23an, Bilbao Basketek adierazi duenaren arabera, taldeak "Segurtasun Funts Bereziari ordaintzeko finantzaketa" lortu zuela eta "jokalariekin izandako zorra ez dela %15 baino gehiago" esan zion ACBri. Ligak, ordea, ez zela nahikoa erantzun zion, eta "bideragarritasun ekonomikoa frogatzeko datu gehigarriak" eskatu zizkion klubari. Hortaz, Bilbao Basketek epaitegietara joko du "klubaren eskubideak defendatzeko".