Endesa Liga
Bilbao Basketek garaipenaren bideari heldu nahi dio berriro
Erredakzioa
Bilbotarrek Sevilla hartuko dute, Ligako azken sailkatua. Andaluziarrek ez dute oraindik garaipenik lortu.
Bilbao Basketek Sevilla hartuko du larunbatean Bilbon, aurreko astean Laboral Kutxaren aurkako derbian jasotako porrota lehenbailehen ahazteko gogoz. Partida zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 21:00etatik aurrera.
Buesa Arenako neurketa 86-74 galduta, bizkaitarrek hiru garaipeneko bolada eten zuten. Ordura arte bere historia osoan ACBn izandako hasierarik onena egin zuten bilbotarrek. Hala ere, taldeak itxura ona erakutsi zuen.
Asteburu honetan, sailkapeneko azkenaren kontra jokatuko du, eta gehiegi konfiatuta kantxaratzea izan daiteke Bilbao Basketentzat arriskurik handiena, etxean Fuenlabradaren eta Murtziaren aurka jokatutako partidak nahiko erraz irabazi baitzituen.
Guztiak daude jokatzeko moduan
Sito Alonsok jokalari guztiak ditu erabiltzeko moduan, Alex Mumbrú barne. Kataluniarrak ia ez zuen entrenatu iragan astean Gasteizen jokatu ahal izateko. Hala ere, igandetik taldekideekin gero eta gehiago entrenatu da.
Bilbao Basketek motibazio gehigarria izango du Sevillaren aurka garaipena lortzeko: andaluziarrek Bilbon jokatutako azken hiru partidak irabazi dituzte.