Kontratua etetea adostu dute
Danilo Andjusicek Bilbao Basket utziko du
Agentziak | Erredakzioa
Jokalari serbiarrak eta Bilboko klubak bien arteko kontratua etetea adostu dute. Andjusicek eskerrak eman dizkie taldekideei eta jarraitzaileei Twitterren.
Danilo Andjusic eskolta serbiarrak agur esan dio Bilbao Basketi eta eskerrak eman ditu aurreko denboraldian bizitako "urte bikainagatik". Bilbotarrak bosgarren postuan amaitu zuten liga, aurreko udan desagertzeko arriskuan egon ostean.
Klub bizkaitarrak komunikatu labur bat idatzi du bere webgunean bi taldeek kontratua etetea adostu dutela iragartzeko. Andjusicen kontratua 2016an amaitzen zen.
Jokalariak Twitterreko bere kontu ofiziala erabili du Bilbao Basketik badoala esan eta, "Bilbon urtebete egin ostean", agur ofizialaren berri emateko.
Serbiarrak "eskerrak" eman dizkie "Bilboko arduradunei, eta, bereziki, teknikariei, taldekideei eta zaleei azken urte bikainagatik".
Gracias por todo! @CDBILBAOBASKET #MIB pic.twitter.com/4C7AvkXT1F
— Danilo Andjusic (@Djusa33) julio 19, 2015