Ostegunean, 19:00etan
Bilbao Basket, 2008ko balentriaren bila Bartzelonaren aurka
Agentziak | Erredakzioa
Talde katalana faboritoa da, Sito Alonsoren gizonen kontrakoan, baina bizkaitarrak finalerdietara sailkatzen saiatuko dira. Partida 19:00etan hasiko da.
Bilbao Basketek helburu bakarra du gaur, 19:00etatik aurrera, Kopako final-laurdenetan: Bartzelonari berriro gailentzea, 2008ko Kopan egindako balentria errepikatuz. Bi taldeek jokatuko dute Coruñako Kopako lehen partida.
Errege Kopa txapelketa oso berezia da; izan ere, galtzen duena etxera doa, eta irabazten duenak aurrera egiten du. Berrogei minututan, edozer gerta daiteke; ezustekoak izaten dira, sasoi-puntuek berebiziko garrantzia izaten dute eta ezinbestekoa da jokalariek maila ematea.
2008ko Kopan, bilbotarrak garaile
Teorian, Bartzelona da faboritoa: serie-burua da, jokalari apartak ditu, aurrekontua askoz ere handiagoa du Bilbao Basketek baino, eta, gainera, aurrekariak bere alde daude: 31 partida jokatu dituzte elkarren aurka, eta 23-8 da balantzea, Bartzelonaren aldekoa. Baina duela zortzi urte, 2008ko Kopako final-laurdenetan, Gasteizen, Bilbao Basket gailendu zitzaion Bartzelonari; 70-69 amaitu zen neurketa hura, Marcelinho Huertasen partida bikainaren ostean (18 puntu eta 8 asistentzia).
Denboraldi honetan, behin jokatu dute elkarren kontra, Palaun, eta Bartzelonak 66-57 irabazi zuen.
"Edozein aurkarik irabazi ahal dizu", ohartarazi du Xavi Pascual Bartzelonako entrenatzaileak; Navarrok, bere aldetik, esan du garrantzitsua dela faboritoak izatearen presioa ondo kudeatzea.
Tobias Borg, baja
Bilbotarren aldetik, Mirza Begic baja da, aspaldi, eta gainera Tobias Borgek ere ezin izango du jokatu; bi edo hiru aste emango ditu bajan, oin bat minduta du eta.
Bilbao Basketek, dena den, ez dute presiorik, eta parte hartzeko ilusioa handia dute. "Guretzat, Kopak ilusio handia izatea esan nahi du, eta, batez ere, oso lehiakorrak izan nahi dugu; ostegunean, hala jokatuko du, seguru".
ko du, seguru".