Itxi

Gaur, zuzenean, 20:45ean

Bilbao Basketek txapelketatik at dagoela jakinik egingo dio bisita Partizani

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Limogesek bart ALBA Berlinen etxean lortutako garaipenak (78-84) hurrengo fasera sailkatzeko aukera gabe utzi du talde bilbotarra.

BILBAO BASKET

RETAbet Bilbao Basketek Partizanen aurka jokatu behar du gaur, Belgradeko Pionir areto entzutetsuan, egun Aleksandar Nikolic Hall izenez ezagutzen dena. Norgehiagoka 20:45ean hasiko da, eta bilbotarrek azkenaldian bizi duten bolada ezin txarragoari (bederatzi porrot pilatu dituzte bata bestearen atzetik) amaiera eman nahi diote, Eurokopako zortzigarren jardunaldian.

Dena den, bilbotarrek txapelketan aurrera jarraitzeko inolako aukerarik ez dutela jakinda ekingo diote partidari; izan ere, astearte gauean Limogesek ALBA Berlinen etxean lortutako garaipenak (78-84) ezerezean utzi baititu bilbotarrek zituzten itxaropen apurrak.

Testuinguru horretan, sentsazio onak berreskuratu eta lehia irabazteko asmoarekin kantxaratuko da Bilbao Basket Belgraden. Garaipen hori animoen aldetik litzateke mesedegarria, entrenatzailez aldatu arren, taldeari ez baitzaio hobekuntzarik sumatzen: lau garaipen besterik ez ditu lortu denboraldi honetan zehar orain arte jokatu dituen hamazortzi partidatan.

Veljko Mrsic kroaziarra duela bi aste iritsi zen Carles Duranen aginduetara bilbotarrak zeramaten ibilbide zalantzatia zuzentzeko asmoz, baina bere zuzendaritzapean jokatu diren hiru lehiak galdu dituzte bilbotarrek, gainera puntu askoren aldearekin eta norgehiagoka txarrak eginda.

Mrsicek adierazitakoaren arabera, bere xedeen artean daude defentsa hobetzea, galerak ekiditeko baloiaren gainean kontrol gehiago izatea eta jokalarien egoera fisikoa hobetzea. Aitzitik, orain arte ez da aurrerapausorik ikusi zentzu horretan, eta, horrez gain, erasoko jokoan arestian erakutsitako jarioa galdu egin du taldeak.

Are gehiago, aurkariaren kantxa zatian Alex Mumbruren esku geratzen da ia guztia, eta, 38 urte beteta dituen jokalari katalanak ezin dio lan guztiari aurre egin.

Asteazkenerako kroaziarrak bi baja garrantzitsu izaten jarraituko du: Jonathan Tabu joko-antolatzailea eta Pere Tomás hegalekoa. Bata zein bestea oso jokalari nabarmenak bilbotarren errotazioan, batez ere Tabu, Mrsicek duen jaurtitzailerik onenena.

Talde bizkaitarrak Eurokopan pilatu dituen sei porrotetatik mingarriena Partizanen aurka Miribillan jaso zutena izan zen, hain zuzen ere.

Talde biak sailkapeneko azken bi postuetan daude eta ia kanporatuta. Beraz, bihar erabakita gera daitekeena da nor izango den C Multzoko azken taldea.

Albisteak (3)