JAITSIERA
'LEB mailan proiektu sendoa egitea' da Bilbao Basketen helburua
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Klubak baztertu egin du datorren denboraldian ACBn izatea, nahiz eta igoera lortzen duen talderen batek igoera hori gauzatzeko baldintzak bete ez.
ACB Ligatik jaitsi berria den Bilbao Basketek "LEB mailan proiektu sendoa egitea" du helbururik behinena datorren denboraldiari begira, epe motzean ACBra itzultzeko asmoz. Haatik, klubak erabat baztertzen duen aukera da datorren urtean ACBn izatea, nahiz eta igoera lortuko lukeen talderen batek bere tokiari uko egin.
"Atzera pauso bat besterik ez da, bultzada hartzeko", azpimarratu du Koldo Mauraza administrazio kontseiluko presidenteak Bilbao Arenan eman duen prentsaurrekoan. Bertan kazetariez gain, akziodunak zein zaleak bildu dira, denetara 200 bat lagun.
"ACBk deituko baligu igoera lortu duen talderen batek igoera hori gauzatzeko baldintzak bete ez dituela-eta, ezetz esango genioke, gure egoera ekonomikoa ez baita ACBn egoteko modukoa. LEBen urtebete egon nahi dugu, zorra kitatu, ahalik eta arinen igo eta aurrera jo", azaldu du Carlos del Campo diruzainak, bere aldetik.
Kontseiluak klubak bizi duen egoera ekonomiko "zaila"ren nondik norakoak zehaztu ditu. "6 milioi euroko" zorrak darrai (duela lau urte klubera heldu zirenean zegoen antzekoa). Horietako 2,8 Ogasunari zor dizkiote, nahiz eta "geroratuta dagoen, zortzi urteko epemugarekin".
Del Campok jakitera eman duenaren arabera, Bilbao Basketek "maiatza erdialdean" hartzekodunen aurrelehiaketa eskatu zuen. Hori dela medio, klubak lau hilabeteko epea dauka hartzekodunekin (tartean Ogasuna) zorra berriz negoziatzeko.
"Adostasunik ez badago, lehiaketari aurre egin beharko zaio, eta hura ere gauzatzen ez bada, kluba likidatuko litzateke", adierazi du Del Campok. Dena den, baikor agertu da: "Ez dago beste aukerarik. Horixe da plana, eta bete ahal izango den itxura dauka".
"LEBen egonik gure hartzekodunekin hitzarmen bat lortzeko aukera eta betebeharra izango dugu, zorra behin betiko gainetik kentzeko", iritzi dio.
Kontseilariek onartu dutenez, euren agintaldian nahiz eta zorra ez den areagotu eta hura "antolatzea" lortu duten, ez dira "gai izan" behar besteko diru-sarrerak lortzeko, zorra kitatze aldera.