Itxi

Badalonan

DKV Joventut-Bilbao Basket (76-80): Borrokatutako garaipena

Josu Bilbao

Erredakzioa

Katsikarisen mutilek guztia eman behar izan dute talde katalan gainditzeko, bigarren laurdenean 17 puntu behetik joan direlako. Blumsek eta Jacksonek norgehiagoka erabaki dute.

Asko borrokatu behar izan du, baina Bizkaia Bilbao Basketek garaipena lortu du DKV Joventuten etxean (76-80). Aaron Jacksonek eta Janis Blumsek taldearen pisua hartu dute jokaldi erabakigarrietan eta bi antolatzaileak bikain egon dira bizkaitarrei garaipena emateko.

Lehen laurdenean katalanak ondo ibili dira erasoan eta markagailuan abantaila lortu dute hasierako minutuetatik. Triasek eta Hosleyk saskiraketa bikainak lortu dituzte etxekoentzat eta berdeak 19-12 aurretik jarri dira. Katsikarisen taldeak defentsa bigunegia ezarri du kantzan eta Pepu Hernandezen mutilek puntu errazak lortu dituzte. Azken laurdena bukatu denean Alex Mumbruk bi falta tekniko ikusi ditu jarraian eta Bilbao Basketeko jokalaria partidatik at utzi dute epaileek. Markagailua, 22-12koa izan da lehen laurdenaren bukaeran.

Bigarren laurdenean Hill McDonaldek eta Hosleyk abantaila 17 puntura handitzea lortu dute (29-12) eta bilbotarrak ezinean ibili dira defentsan. Hala ere Vasileiadis eta Aaron Jackson jokoan sartzen hasi dira eta bizkaitarrak apurka hurbiltzen joan dira (38-33). Defentsa asko gogortu dute Katsikarisen mutilek eta Warrenek txirrinaren gainean lortutako hiruko eder bati esker partida 38-38ra berdinduta joan da atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean Bilbao Basket aurretik jarri da markagailuan Marko Banicen lan onari esker (38-42) eta bizkaitarrek lasaitasuna lortu dute. Hala ere, Robinsonek eta Triasek Penyako taldea aurretik jarri dute berriz ere markagailuan (48-46). Banicek kapitain lana ondo bete hirugarren laurdenean eta bere puntuei esker beltzezko gizonak aurretik joan dira azken laurdenera (50-53).

Janis Blumsek ondo irakurri du azken laurdenaren hasiera eta antolatzaileak puntu garrantzitsuak lortu ditu bilbotarrentzat. Hala ere, Badalonakoek ez dute amore eman eta Will McDonaldek gidaturik taula azpian, DKV aurretik jarri da markagailuan (67-65). Jokaldi erabakigarrietan Aaron Jacksonek hartu du taldeko ardura eta estatubatuarrak saskiraketa ederrak lortu ditu duen klasea argi utziz (71-76). Katalanek azken unera arte guztia eman dute, baina Katsikarisen taldeak ez du jaurtiketa libreetako marratik hutsik egin. Azken emaitza, 76-80koa izan da bizkaitarrentzat.

Fitxa teknikoa:

76 - DKV Joventut (22+16+12+26): Robinson (13), Pere Tomas (7), Hosley (14), Trias (9), McDonald (17) -hasierako bostekoa-, Flis (7), Franch (5) eta Jelinek (4).

80 - Bizkaia Bilbao Basket (12+26+15+27): Jackson (20), Warren (11), Mumbru (2), Banic (10), Mavroeidis (4) -hasierako bostekoa-, Hernandez-Sonseca (-), Hervelle (3), Vasileiadis (9), Fisher (2) eta Blums (19).