Itxi

Finalerdietako 4. partida

Bilbao Basket-Real Madril (80-72): Bizkaitarrak, finalera

Erredakzioa

Bilboko taldeak ACBko finala Regal Bartzelonaren aurka jokatuko du Miribillan finalerdietako laugarren partida irabazi eta gero. Miribillako giroa ikaragarria izan da.

Garaipen historikoa lortu dute Katsikarisen mutilek, ACBko finalerako txartela eskuratu baitute finalerdietan Real Madril kanporatuz. Bizkaitarrek 3-1 irabazi dute kanporaketa eta finalean Regal Bartzelona, Ligako talde indartsuena izango dute aurkari. Mumbru eta Aaron Jackson erabakigarriak izan dira kanporaketako laugarren partida irabazteko.

Emanuele Molinen mutilek ondo hasi dute norgehiagoka, Ante Tomicek puntu garrantzitsuak lortu baititu taula azpian. Hala ere, Katsikarisen taldea fin ibili da saskira begira eta Aaron Jacksonek berdinketa jarri du markagailuan (13-13). Talde beltzak intentsitatea ezarri du kantxan eta Hervellek markagailuan goitik jarri ditu bilbotarrak (17-16). Real Madril sendo mantendu da defentsan eta Sergio Rodriguezen saskiraketa bati esker, lehen laurdena zurientzat izan da (19-20).

Bigarren laurdenean etxeko taldea agintzen hasi da eta Banicen eta Fisherren puntuei esker bizkaitarrek aurrea hartu dute. Hala ere, merengeak baloia ondo mugitzen hasi dira eta eta Suarez eta Llul jokoan sartu dira. 32-39ko markagailua lortu dute madrildarrek, baina Bilbao Basketek azken minutuetan asko sakatu du atsedenaldiaren aurretik 38-41ekoa jartzeko.

Hirugarren laurdenean Katsikarisen mutilek aurrea hartu dute Mavroeidisen bi saskiraketei esker (48-44), baina Sergio Llulek 50-50ekoa jarri du partida berdinduz. Bi taldeen arteko parekotasuna nabarmena izan da eta Fischerren saskiraketa ikusgarri bati esker Real Madrilek 54-55ekoa jarri du laurden erabakigarria heldu baino lehen.

Azkenengo laurdenean Bilbao Basketeko zaleek presio handia ezarri dute Miribillan eta Blumsen saskiraketa onari esker bizkaitarrek 64-64koa jarri dute markagailuan. Tomicek sendo jarraitu du taula azpian, baina Aaron Jacksonek taldea ondo gidatu du erasoan berriz ere partida berdintzeko (70-70). Talde beltzak erbaki onak hartu dite azken segundoetan eta Hervellek lortutako saksiraketa ikusgarriak erdi erabakita utzi du norgehiagoka (76-72). Jacksonek ez ditu jaurtiketa libreak huts egin eta garaipena etxeko taldeak eskuratu du (80-72).

- Fitxa teknikoa:

80 - Bizkaia Bilbao Basket (19+19+16+26): Jackson (17), Blums (5), Mumbru (15), Banic (12) eta Mavroeidis (8) -hasierako bostekoa-; Fisher (4), Warren (6), Vasileiadis (7) eta Hervelle (6).

72 - Real Madril (20+21+14+17): Prigioni (8), Llull (13), Suarez (7), Reyes (6) eta Tomic (17) -hasierako bostekoa-; Sergio Rodriguez (6), Tucker (3), Mirotic (-), Fischer (12), Begic (-) eta Velickovic (-).


Albisteak (3)

Bideoak (3)