Itxi

ACB finala

Regal Bartzelona-Bilbao Basket (74-67): Nahi eta ezin

Erredakzioa

Bilbotarrek ez dute amore eman eta azken unera arte saiatu dira, baina Xavi Pascualen taldeak geldiezina dela erakutsi du oraingoan ere. 2-0 jarri da Barça kanporaketan.

Regal Bartzelonak 74-67 gainditu du Bizkaia Bilbao Basket ACBko finalaren bigarren partidan eta 2-0 aurreratu da kanporaketan Bilborantz abiatu aurretik.

Intentsitate handiko lehen laurdena Palaun. Bilboko taldea sendo aritu da atzean eta horren ondorioz markagailua laburra zen aurreneko hamar minutuen amaieran (14-11). Itxaropena.

Katalanak bigarren laurdenean suspertu dira eta Navarrori esker, hein handi batean, errenta handitu dute. Katsikaris, bitartean, kontzentrazioa eskatzen. Jaurtiketa libreetan gehiegi huts egin du Bizkaiak eta Barçak erregulartasunari eutsi dio. Atsedenaldian, 40-31.

Katsikarisen taldea nahi baina ezinean zebilen. Sadaren lan bikainak Aaron Jacksonen jokoa oztopatu du. Hirugarren laurdenaren amaieran hamalau puntuko errenta zuten Xavi Pascualen gizonek (54-40).

Amaierara heltzeko zortzi minutaren faltan, 54-47ra hurbildu dira bilbotarrak. Ez zuten amore eman nahi. Orduan agertu da Regal Bartzelonako jokalarien esperientzia eta zuhurtasuna. 39. minutuan Navarrok sartutako hiruko bikainak norgehiagoka erabakita utzi du. Navarro bera izan da partidako saskiratzaile nagusia 20 punturekin. Amaieran istilu txikia egon da.

Hurrengo partida, hirugarrena (20:45), Bilbon jokatuko da asteartean. Bilbao Basket irabaztera behartuta dago. Garaipena Barçak lortzekotan titulua eskuratuko luke.

- Fitxa teknikoa:

74 - Regal Bartzelona (14+26+14+20): Sada (5), Navarro (20), Anderson (9), Lorbek (9), Perovic (1) -hasierako bostekoa- Grimau (2), Rubio (3), N''Dong (2), Morris (3), Lakovic (2), Vazquez (8) eta Ingles (10).

67 - Bizkaia Bilbao Basket (11+20+9+27): Jakson (-), Warren (-), Mumbru (12), Hervelle (8), Mavroeidis (6) -hasierako bostekoa- Blums (15), Vasileiadis (15), Fischer (8), Banic (3) eta Paco Vazquez (-).

Irudien galeria




Albisteak (1)

Informazio gehiago (2)