ACBko finala (3-0)
Bilbao Basket-Regal Barcelona, (55-64): Barça, ACBko txapelduna
A.B.
Erredakzioa
Talde katalanak titulua eskuartu du Bizkaiari finaleko hiru partidak jarraian irabazita. Juan Carlos Navarro izendatu dute finaleko jokalari onena.
Bizkaia Bilbao Basketek ezin izan du Regal Barcelonaren aurka ACBko finaleko hirugarren partida irabazi. Katalanek 55-64 irabazi zuten eta 3-0eko emaitza orokorrarekin ACBko txapeldun izendatu da Barça.
Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldeak bikain ekin zion partidari. Bartzelonari ez zion eroso jaurtitzen utzi eta lehen hamar minutuak zazpi puntuko abantailarekin bukatu zituen talde bizkaitarrak (19-12).
Bigarren laurdenean asko estutu zen partida. Barçak 7-0eko partzialarekin norgehiagoka berdindu zuen (19-19). Geroago Bilbao Basketen erreakzioa etorri zen (25-21), baina talde bisitaria joan zen puntu bateko abantailarekin atsedenaldira (29-30).
Hirugarren laurdena ere estu joan zen. Hasieran abantaila hartu zuen Barçak eta gero atzetik aritu zen laurden guztian zehar Bilbao Basket. Bilbotarrek, ordea, ez zuten partida galdutzat eman eta puntu bakarreko desabantailarekin amaitu zen hirugarren laurdena (47-48).
Azken laurdenean, Bilbao Basketek markagailuan aurrea hartzea lortu zuen une batez (51-50), baina azken minutuetan talde katalanak dituen jokalarien kalitatea azaldu zen eta erabakiorra izan zen. Horrenbestez, Regal Barcelona da ACB Ligako txapelduna.
Fitxa teknikoa:
55 - Bizkaia Bilbao Basket (19+10+18+8):Jackson (8), Blums (5), Mumbru (14), Hervelle (8) eta Mavroeidis (-)-hasierako bostekoa-; Warren (4), Vasileiadis (5), Fischer (5) eta Banic (6).
64 - Regal FC Barcelona (12+18+18+16):Sada (6), Navarro (16), Anderson (10), Lorbek (7) eta Perovic (2) -hasierako bostekoa-; Rubio (-), Lakovic (-), Ingles (6), Grimau (2), Morris (2),Vazquez (4) eta Ndong (9).
Epaileak: Arteaga, Perez Pizarro eta Conde.