FITXAKETA
Bilbo Basketek Quentin Serron belgikarra fitxatu du Axel Bouteilleren ordezko gisa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
30 urteko eskolta Frantziako Estrasburgotik iritsiko da Bilboko taldera denboraldia amaitu arte.
RETAbet Bilbao Basketek Quentin Serron eskolta belgikarra fitxatu du denboraldia amaitu arte, Axel Bouteillek utzitako hutsunea betetzeko asmoz. Izan ere, jokalari frantziarrak agur esan zion asteartean Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeari, Malagako Unicajan jokatuko baitu hemendik aurrera.
Serronek 30 urte eta 1,90 metroko altuera ditu, eta Estrasburgo taldetik iritsiko da Bilbora. Belgikako selekzioarekin jokatu ohi du, eta hala egin du oraintsu izan diren FIBAko leihoetan ere.
Hala, bere selekzioak Lituaniaren aurka lortutako garaipenean (86-65) 10 puntu, 6 errebote, 5 asistentzia eta 22ko balorazioa lortu zituen; eta Danimarkaren kontrako lehian (72-88), berriz, 10 puntu, 2 errebote, 2 asistentzia eta 11 puntuko balorazioa eskuratu zituen.