70-81
Bigarren porrota jarraian Bilbao Basketentzat, Teneriferen aurka galdu ostean
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak 70-81eko emaitzarekin galdu du Iberostar Teneriferen aurka Bilbao Arenan jokatu duen Endesa Ligako bigarren jardunaldiko partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
RETAbet Bilbao Basketek porrota jaso du Iberostar Teneriferen aurka (70-81) Endesa Ligako bigarren jardunaldiko partidan. Lehen jardunaldiko neurketa ere galdu egin zuen talde bizkaitarrak, eta bigarren porrota jarraian erdietsi du.
Ez dio partidari ondo ekin Bilboko taldeak. Lehen saskiratzea sartu duen arren, talde bisitariak azkar hartu du zazpi puntuko abantaila (2-9). Ondoren, hiru puntura murriztu du desabantaila Bilbao Basketek (9-12), eta puntu bakarrera ere gerturatu da (13-14 eta 15-16). Hala ere, lehen laurdenaren azken txanpan nagusi izan da talde bisitaria eta bost puntuko errenta eskuratu du (17-22).
Bigarren laurdenari ere kaskar ekin dio Bilbao Basketek, eta Tenerife horretaz baliatu da, markagailuan zuloa irekitzeko, 13 punturainoko errenta lortuta (19-32). Bolada txarra moztea lortu du Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak saskiratze bat sartuta, baina Txus Vidorretak zuzentzen dituen mutilak jaun eta jabe izan dira hamar minutu hauetan, partida 25-38ko emaitzarekin iritsi delarik atsedenaldira.
Bi taldeek huts ugari eginez ekin diote hirugarren laurdenari eta asko kosta zaie saskiratzeak sartzea. Dena den, Iberostar Tenerifek nagusi izaten jarraitu du. RETAbet Bilbao Basket saiatu da aldeak murrizten, baina talde bisitaria sendo mantendu da, eta abantaila 14 eta 17 punturen artean mantendu du ia laurden guztian zehar, azken laurdenera aldeko 41-56ko emaitzarekin heldu delarik.
Maldan gora eta zail izan du partida Bilbao Basketek, baina talde bizkaitarrak defensa gogortu du, saskiratzeak errazago lortzen hasi da, pixkanaka desabantaila txikitzea lortuz. Gauzak horrela, zortzi puntura hurbildu da Bilbao Basket (61-69) amaierarako lau minutu eta 22 segundo falta zirenean. Sufritzea egokitu zaio Iberostar Teneriferi azken laurden honetan, baina momentu txarra pasa ostean, berriz neurria hartu dio neurketari, nahiz eta zuen abantaila asko murriztu dela ikusi. Norgehiagoka amaitzeko bi minutu falta zirenean teknika adierazi diote Alex Mumbru Bilbao Basketeko entrenatzaileari, eta Tenerifek arnasa hartu ahal izan du (68-77). Bost puntura gerturatzeko aukera izan du etxeko taldeak partida amaitzeko minutu bat baino pixka bat gehiago falta zenean, baina ez du erasoan asmatu eta talde bisitariak ez du barkatu, azken minutura bederatzi puntuko errentarekin iritsita (70-79). Hurrengo jabetzan ere kale egin du Bilbao Basketek erasoan, ez du saskiratzea lortu, eta garaipena Iberostar Tenerifek eraman du (70-81).
Fitxa teknikoa:
70 - RETAbet Bilbao Basket (17+8+16+29): Rousselle (8), Serron (2), Zyskowski (13), Kulboka (6) eta Balvin (5) -hasierako taldea-; Hakanson (6), Jaylon Brown (19), Alex Reyes (5), Moses Kingsley eta Aaron Jones (6).
Entrenatzailea: Alex Mumbru.
81 - Iberostar Tenerife (22+16+18+25): Fitipaldo (19), Alex Lopez (2), Dani Díez (13), Doornekamp (16) eta Bogris -hasierako taldea-; Huertas (6), Salin, Sergio Rodriguez, Sulejmanovic (2), Cavanaugh (4) eta Shermadini (19).
Entrenatzailea: Txus Vidorreta.
Partzialak: 17-22, 25-38 (atsedenaldia); 41-56 eta 70-81 (amaiera).
Epaileak: Fabio Fernandez, Alberto Sanchez eta Emilio Perez. Kanporaurik gabe.