Euroliga
Katsikaris: ‘Egun historiko baten aurrean gaude’
Erredakzioa
Bizkaia Bilbao Basketek inoiz Euroligan jokatu duen lehen partida jokatuko du ostiral honetan, Olinpiakosen kontra.
Bizkaia Bilbao Basketen entrenatzaileak, Fotis Katsikarisek, ostiralean 20:30ean Bilbao Arenan jokatuko den partida “historikoa” izango dela adierazi du, eta klubak eta afizioak “sari honekin gozatzea” espero du.
Olinpiakosi erreferentzia eginez, Greziako taldearen palmaresa azpimarratu du: “Talde bikaina eta historikoa da, Euroliga irabazi eta Lauko Finala hainbat aldiz jokatu duena”. Katsikarisek jokalarien gaztetasuna nabarmendu du: “Talde berria da, aldaketa asko izan dituena eta jokalari beterano eta gazteen artean nolabaiteko kimika duena”. Bestalde, Greziako entrenatzaileak abantailatzat jo du Bilboko taldeak partida gehiago jokatu izana.
Azkenik, Katsikaris itxaropentsu agertu da: “Caja Laboralen, Olinpiakosen edo Fenerbahceren kontra garaipena lortzen badugu, aparteko gauza izango da”. Hala ere, “beltzezko gizonek” Greziako taldeari irabaziz gero ez dutela sailkapena lortuko adierazi du, Bilbao Basketen ibilbidea oso luzea izango delako eta horregatik “lan asko egin beharko da”.