Itxi

Euroleague

Gescrap Bizkaia-Bennet Cantu (64-67): Top-16rako bidea korapilduta

Erredakzioa

Bennet Cantu nagusitu eta goitik aritu zen markagailuan neurketa guztian. Bilboko taldeak azken laurdenean norgehiagokari buelta eman arren, ez zen nahikoa izan garaipena eskuratzeko.

Gescrap Bizkaia Bilbao Basket. Argazkia: EFE.

Gianluca Basileak neurketako azken segunduan sartutako hirukoak min handia egin zion Gescrap Bizkaiari. 64-67ko emaitzarekin Top-16ean egoteko aukerak zeharo murriztu dira.

Blumsek lortu zuen neurketako lehen hirukoa partida hasi eta segundu gutxira. Baina Cantuk beste hiru lortu zituen erreskadan eta italiarren alde jarri zuen markagailua hasieratik. Bilboko taldeak bost baloi galdu zituen lehen laurdenean eta aurkariak egoeraz aprobetxatu ziren. Hala ere, talde bizkaitarra sendo aritu zen eta laurdena bukatzerakoan aldea txikitu zuten (14-17).

Cantuk aukera hoberenak bilatu eta neurketa kontrolatu zuen. Horren ondorioz, hamar puntu behetik aritu ziren ‘beltzezko gizonak’ denbora guztian. Katsikarisek presionatu eta hutsik ez egiteko eskatu zien bere jokalarie, baina Vladimir Micov jokalaria hesi bat izan zen eta puntu andana lortu zituen.

Hirugarren laurdena 27-40ko emaitzarekin hasi zen. Mumbruren hirukoarekin sei puntura txikitu zen aldea eta Bizkaia Arenara hurbildu ziren zaleak ‘miribilla efektua’ berpiztu zuten. Erasoan ez ziren fin aritu bilbotarrak, Banic bakarrik agertu baitzen. Presaz jokatu zuten, neurketaren garrantziaz jakitun, eta horren ondorioz hainbat baloi erraztasun handiarekin galdu zituzten.

Neurketako azken minutuak oso biziak izan ziren. Jokalariak erabat unatuta egon arren markagailuari buela ematea lortu zuten. Epaileak, hiru segunduren faltan, ez zuen Kostasek eginiko hiruko bat onartu eta erabat berdindu zuen lehia (64-64). Italiarrek azken jabetza baliatu eta Basileak hirukoa sartuta garaipena erdietsi zuen azken momentuan.

Gescrap BBBek Euroligako ligaxkako faseko azken bi neurketak irabazi behar ditu Top-16ra sailkatzeko. Datorren astean Estanbuleko Fenerbahceren aurka neurtuko ditu indarrak eta hamabost egun barru Caja Laboralen kontra.

Fitxa teknikoa

64 - Gescrap Bizkaia (14+13+20+17): Jackson (2), Blums (10), Mumbrú (3), Banic (16) eta D'or Fischer (6) –hasierako bostekoa-; Josh Fisher (6), Grimau (11), Vasileiadis (10), Hervelle (-) eta Mavroeidis (-).
67 - Bennet Cantú (17+23+14+13): Cinciarini (-), Mazzarino (8), Leunen (10), Micov (13) eta Marconato (6) –hasierako bostekoa- Gianella (3), Makoishvili (9), Basile (7) y Shermadini (11).
Partzialak: 14-17, 27-40; 47-54, 64-67.
Epaileak: Carl Jungebrand (FIN), Sinisa Herceg (CRO) eta Renaud Geller (BEL). Kanporaketarik gabe.