Endesa Liga
Gescrap Bizkaiak mendekua hartu du Real Madrilen aurka
Erredakzioa
Euroligan Pablo Lasok zuzentzen duen taldeak lortu zuen garaipena, baina Endesa Ligan Bilbao Basket atera da garaile 90-93ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
90 - Real Madril (14+22+23+31): Tomic (16), Suarez, Mirotic (5), Rodriguez (5) eta Singler (8) -hasierako bostekoa-, Llull (18), Begic (10), Reyes (4), Carroll (12), Pocius (12) eta Velickovic.
93 - Gescrap Bizkaia (19+16+25+33): Jackson (21), Mumbru (11), Hervelle (2), Fischer (19) eta Vasileiadis (15) -hasierako bostekoa-, Fisher (3), Mavroeidis (2), Banic (12), Lopez (2) eta Grimau (6).
Epaileak: Perez Pizarro, Jose J. Murgui eta Carlos Cortes.
Gescrap Bizkaiak garaipena garrantzitsua lortu du Endesa Ligan Real Madrili bere etxean 90-93 irabazita. Bizkaitarrek Real Madrilen aurka jokatu zuen iragan asteazkenean Euroligako partidan eta garaipena lortu zuten Madrilekoek. Igandean Bilbao Basketek mendekua hartu zuen.
Partidari bikain ekin zion talde bizkaitarrak, 2-9 jarri ziren defentsa sendo batekin eta erasoan ondo ibilita. Real Madril, ordea, etxean jokatzen ari zen eta aldeak murrizten hasi zen. Pablo Lasoren mutilek zazpi puntuko desabantaila bostera murriztu zuten lehen hamar minutuen amaieran (14-19).
Bigarren laurdenaren hasiera guztiz ezberdina izan zen. Real Madril izan zen jaun eta jabe hasierako minutuetan eta markagailuan aurrea hartu zuten 8-0eko partzialarekin (22-19). Ondoren, laurdena oso berdinduta joan zen eta horren erakusgarri atsedenaldira iristean markagailuak adierazten zuen emaitza, 36-35 Real Madrilen alde.
Atsedenalditik bueltan bi taldeek momentu onak eta txarrak izan zituzten. Bilbao Basketek joko ona burutu zuen hirugarren laurden honen erdialdean eta hamar puntuko aldea eskuratu zuten (48-58). Real Madrilek, ordea, ez zuen etsi eta Llulen agindupean aldeak murriztu zituen laurdenaren amaieran puntu bakarrera gerturatu arte (59-60).
Azken laurdenaren hasieran Real Madril ondo hasi zen, baina Bilbao Basketek azkar erreakzionatu eta partida berdindu zuen. Azken minutuetan oso ondo jokatu zuten Gescrapeko jokalariek. Hiruko jaurtiketetan asmatu egin zuten Katsikarisen mutilek eta horri esker garaipena eskuratu zuten (90-93).