1-0 aurretik CSKA
Katsikarisek 'jarrera gogorragoa' eskatuko dio taldeari
Erredakzioa
"Ostiraleko neurketan borrokatzeko partidan eduki behar dugun jarrera argi utzi beharko dugu" gogoratu du Bilbao Basketeko teknikariak.
Fotis Katsikaris Gescrap Bizkaia taldeko teknikariak ostiraleko partidan jokalariek "jarrera gogorragoa" erakustea espero duela argi utzi du. Bilboko taldeak jipoia hartu zuen Moskun (98-71) eta CSKA 1-0 aurretik da Euroligako kanporaketan.
"Play-offetan, porrotaren ostean gogor itzuli behar duzu hurrengo neurketan. Ostiralean, borrokatzeko jarrera aldatu beharko dugu" azaldu du Greziako prestatzaileak.
Hirugarren laurdenean partidaren gakoa egon dela adierazi du Katsikarisek, CSKA taldeak laurden "ikusgarria" egin duelako eta Gescrap Bizkaiak "oso txarra".
"CSKAk ez du barkatzen eta atsedenaldiaren ondoren ez gara jarrera egokiarekin irten kantxara, tarte gehiegi utzi diogu aurkariari. Errusiarren portzentajea ikusgarria izan da eta taldearentzat zaila izan da", onartu du Fotis Katsikarisek.
"Lehiatzeko gai gara, baina ezin ditugu horrelako gauzak egin. Gogor egon behar dugu CSKA gelditzen ez den makina delako. Edozein nahaste zigortzeko aprobetxatzen dute talentu handia dutelako", adierazi du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.