ENDESA LIGA
Bilbao Basketek Francis Alonso eskolta fitxatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Denboraldi baterako eta aukerako beste baterako kontratua sinatu du eta Bilboko taldearen bigarren fitxaketa da, Nikola Radicevic joko-antolatzaile serbiarraren atzetik.
Surne Bilbao Basketek Francis Alonso eskolta espainiarra fitxatu du. Azken bi denboraldiak Unicaja Malagan egin ditu, eta urtebeterako kontratua sinatu du, beste bat gehitzeko aukerarekin, Bilboko taldeak bere webgunean jakitera eman duenez. Hala, Bilboko taldeak egiten duen bigarren fitxaketa da, Nikola Radicevic joko-antolatzaile serbiarraren atzetik.
Horrenbestez, Francis Alonso (Malaga, 1,91 metro, 26 urte) denboraldi berrirako baieztatuta dagoen zazpigarren 'beltzezko gizona' da. Izan ere, Radicevicekin batera aurreko denboralditik jarraitzen duten bost jokalari baitaude: Andrew Goudelock, Ludde Hakanson, Alex Reyes eta Tomeu Rigo kanpokoak eta Jeff Withey pibota. Horiek guztiak Jaume Ponsarnau teknikari berriak zuzenduko ditu.
Malagan jaiotako 1,91 metro eta 26 urteko jokalaria da Alonso. 2020-2021eko denboraldian, 7,9 puntu sartu zituen batez beste Endesa Ligan, eta Eurokopan 11,6 puntura iritsi zen. Azken denboraldian, 5,9 puntuko batez bestekoa izan du ACBn, eta 7,4 puntukoa, Saskibaloiko Txapeldunen Ligan.
Endesa Ligan jokatu aurretik, eskolta andaluziarrak lau urte egin zituen AEBko NCAA unibertsitate ligan, UNC Greenboro Spartans taldean. 2018-2019ko denboraldian bukatu zuen unibertsitate ibilbidea, 17,6 puntu, 2,5 asistentzia eta 2,3 erreboteko batez bestekoak lortuz.
2019-2020ko denboraldia Urrezko LEB mailan jokatu zuen, Oviedo Club Baloncesto taldean, egun Bilbao Basketeko jokalaria den Alex Reyesekin batera, 21,3 puntu, 3,7 errebote eta 2,3 asistentziako batez bestekoak lortuz.