Itxi

Azken jardunaldia

Surne Bilbao Basket Europarako txartelik gabe geratu da, Unicaja Malagarekin galduta (71-103)

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

‘Beltzezko gizonek’ jipoia jaso dute Miribillan andaluziarren aurka. Unicajak bosgarren tokian amaituko du liga.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilbao Basketek 71-103 galdu du Unicaja Malagaren aurka Miribillan jokatutako partida, eta, ondorioz, Bizkaiko taldeak datorren denboraldian ez du Europan jokatzeko aukerarik izango.

Unicaja jaun eta jabe izan da, eta garaipen zabala lortu du, aitzakiarik gabekoa, batez ere bigarren zatian egindako lanari esker. Ibon Navarroren taldea Bilbokoa baino gehiago da fisikoki, jokalari talde zabalagoa du, eta, gainera, boladan dago, azken 11 partidetatik 10 irabazi baitituzte.

Surnek baja ugari izan ditu neurketa honetarako, eta horrek eragin zuzena izan du bilbotarren jokoan. Atsedenaldira arte nahiko ondo eutsi diete andaluziarrei, batez ere Adam Smithek egindako lanari esker, baina hori indarra galtzen hasi denean, taldearen errendimenduak behera egin du. Smith (15 puntu, 6 asistentzia eta 18 puntuko balorazioa) izan da aurkariaren saskian min egin duen bakarrenetarikoa. Partida galduta izan dutenean, Alex Reyes izan da aipatzeko moduko lana egin duen beste jokalari bat (19).

Partida argi eta garbi galdu arren, Miribillako zaleek txalo zaparrada eman diote taldeari espero baino denboraldi txukunagoa egiteagatik.  

Bilbotarrak aurretik jarri dira markagailuan partida hasieran, 4-0, Radicevicek eta Witheyk egindako saskiratzeekin. Unicajak hiruko hiru saskiratze egin ditu Ejimen bitartez (6-9, 12-12), eta Smith agertu da ondoren; 8 puntu egin, eta 14-12 aurreratu ditu bilbotarrak. Surnek partidan izan duen azken abantaila izan da.

Smith aulkian jesarrita, Unicajak 0-9ko partziala egin du, eta 16-21eko emaitza jarri du markagailuan.

Bigarren laurdenean, Ponsarnauren taldeak 26-26ko berdinketa lortu du, baina bultzada horrek ez du jarraipenik izan. Unicajak aginte makila hartu du berriro, eta 41-49ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean, Malagako taldeak aldea handitu du, eta 52-71 jarri dira azken laurdenaren atarian. Partida erabakita zegoen, eta Europari agur esaten hasi dira bilbotarrak.

Azkenean, Unicajak eraman du garaipena, Endesa Ligako azken jardunaldian: 71-103.

Fitxa teknikoa

71 - Surne Bilbao Basket (16+25+11+19): Radicevic (7), Smith (15), Andrsson, Sulejmanovic (3) eta Withey (11) –hasierako bokotea–; Llorente (2), Alex Reyes (19), Rabaseda, Kyser (4), Tsalmpouris (8), Rosa (2) eta Barandalla.

103 - Unicaja (21+28+22+32): Perry (10), Brizuela (5), Ejim (9), Thomas (2) et Kravish (10) –hasierako boskotea–, Carter (21), Kalinoski (12), Djedovic (14), Osetkowski (13), Sima (2) eta Saint-Supery (5).

Partzialak: 16-21, 41-49 (atsedenaldia); 52-71 eta 71-103 (amaiera).

Bideoak (3)