Itxi

EUROPAKO LEHIAKETA

Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketa jokatuko du 2023-2024 denboraldian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilboko taldea, hala, hamaikagarren aldiz arituko da Europako txapelketan batean, eta FIBA Europe Cupen estreinatuko da. Txapelketa hori 2015-2016 denboraldian sortu zen, eta Anwil Wloclawek Poloniako taldea da egungo txapelduna.

Joan zen denboraldiko Bilbao Basketeko hainbat jokalari. Argazkia: EFE

Surne Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketa jokatuko du 2023-24 denboraldian, ostegunean Bilboko klubak jakitera eman duenez. Bilboko taldea, hala, hamaikagarren aldiz arituko da Europako txapelketan batean, eta FIBA Europe Cupen estreinatuko da. Txapelketa hori 2015-2016 denboraldian sortu zen, eta Anwil Wloclawek Poloniako taldea da egungo txapelduna.

FIBAk antolatzen dituen txapelketei erreparatuta, FIBA Europe Cup bigarrena da; Txapeldunen Liga da lehenengoa. Horietaz gain, Euroliga eta Eurocup txapelketa ere badaude. Bilbao Basketek, orain arte, behin jokatu du Euroliga (2011-2012 denboraldian), zazpi aldiz Eurocup txapelketa, eta bi aldiz Txapeldunen Liga.

2023-2024 denboraldiko FIBA Europe Cupen, 40 talde ibiliko dira fase erregularrean; oraingoz, 13 daude zuzenean sailkatuta fase horretarako. Multzo fasea izango da lehenengo hori, eta multzo bakoitzean lau talde izango dira. Hortik aurrerako txapelketa formatua, ordea, zehaztu gabe dago oraindik.

Bilbao Basket eta egungo txapelduna den Anwil Wloclawek alde batera utzita, bermatuta dago beste talde hauek ere izatea fase horretan: Bahcesehir (Turkia), Nymburk (Txekia), Gravelines (Frantzia), Hapoel Galil Elion (Israel), Niners Chemnitz (Alemania), Spojnia Stargard (Polonia), Balkan (Bulgaria), Alba Fehervar (Hungaria), Leiden (Herbehereak), Sporting Portugal (Portugal) eta Sibiu (Errumania).

Txapeldunen Ligako atarikoan galtzaile irtengo diren beste 20 taldek ere parte hartuko dute; eta, halaber, urriaren 3tik 5era bitartean zazpi sailkatze fase jokatuko dituzte, eta horietatik irtengo dira parte hartuko duten beste zazpi taldeak.

Anwil Wloclawek kenduta, beste talde hauek ere irabazi dute FIBA Europe Cup: Reyer Veneziak eta Dinamo Sassarik (Italia), Nanterrek (Frantzia), Skyliners Frankfurtek (Alemania), Bahcesehirrek (Turkia) eta Ironi Ness Zionak (Israel).

Albisteak (8)