Fitxaketa
Gescrap Bizkaiak Lamont Hamilton pibot estatubatuarra fitxatu du
Erredakzioa
Hamiltonek partidako 17 puntu, 8,2 errebote eta 2 asistentziako batez bestekoak lortu zituen joan den denboraldian Frantziako liga nagusian, lehiaketako bigarren saskiratzaile nagusia izanik.
Gescrap Bizkaia Bilbao Basket taldeak ostegun honetan jakinarazi du Lamont Hamilton pibot estatubatuarrarekin akordioa lortu duela urtebeterako kontratatzeko.
Hamiltonek 28 urte eta 2,08 metroko altuera dauka, Pro A liga frantseseko Paris-Levallois taldetik dator, eta egun 'Summer League NBA' jokatzen ari da Las Vegasen (AEB). Talde bilbotarrak adierazi duenez, jokalariak "bere kontratuan etete klausula bat dauka uztailaren 30era arte, NBAko talde baten eskaintza on bat izatekotan".
Pibot estatubatuarrak partidako 17 puntu, 8,2 errebote, 2 asistentzia eta 1,4 tapoiko batez bestekoak lortu zituen joan den denboraldian Frantziako liga nagusian, lehiaketako bigarren saskiratzaile nagusia izanik.
St. John's Red Store Unibertsitatean trebatu zen, eta 2007 eta 2009 artean Basquet Inca eta Tenerife Rural taldeetan jokatu zuen Adecco Oro ligan. Azken hiru denboraldiak Paris-Levallois taldean egin ditu.