Itxi

Europa Kopa

Bilbao Basketek argi hartu du mendean Sibiu (89-64), eta sendotu egin ditu Europa Kopan dituen aukerak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilboko taldeak bi garaipen lortu ditu orain arte jokatutako bi partidetan, eta multzoko aurreneko postuan dabil, Caledonia Gladiatorsekin berdinduta. Jaume Ponsarnauren gizonak oso nagusi izan dira.

Tryggvi Hlinason, saskiratze ikusgarri batean. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basketek 89-64 menderatu du Sibiu, asteazken gauean, Miribillan, 2023-24 denboraldiko Europa Kopako multzo faseko bigarren jardunaldian, eta, hala, bigarren garaipena lortu du txapelketa horretan. Bilboko taldea bere multzoko aurreneko postuan dabil, Caledonia Gladiatorsekin berdinduta, bi taldeek bina garaipen dituztela. Asteazkenean, Jaume Ponsarnauren gizonak oso nagusi izan dira, eta ez dute aparteko zailtasunik izan garaipena erdiesteko.

Bilbao Basketek ondo ekin zion txapelketari, Anwil Wloclawek aurreko denboraldiko txapeldunaren etxean irabazita, eta hasiera bikain horri jarraipena ematea zuen helburu. Europako gauak bueltan ziren Miribillan, eta giro polita zegoen harmailetan, kontuan izanik Bilboko taldea, Endesa Ligan ere, maila ederra ematen ari dela. Ikusmina zen nagusi, zaleen artean.

Multzo bakoitzeko txapeldunak soilik du bermatuta final zortzirenetarako txartela, eta Bilbao Basketek hasieratik erakutsi du eskuratu nahi duela txartel hori. Bizkaiko taldean, jokalari askok egin dute neurketa ona, baina bereziki nabarmendu dira Thijs de Ridder (13 puntu, zazpi errebote eta 21 balorazioan) eta Tryggvi Hlinason (11, sei eta 18).

Utak sartu du lehen saskiratzea (0-2), eta Minchevek eta Dragostek bi hiruko lotu dituzte (5-8); orduan izan da Sibiu aurretik, baina gainerakoan Bilbao Basket gailendu da. Bi minututan, 11-1eko partziala jarri dute etxekoek, eta zehaztu dute partida nondik zen joatekoa (16-9 jarri da markagailua).

Ponsarnauren gizonek lan ona egin dute. Garrantzitsua izan da Rigok eta De Ridderrek burututakoa, aurreneko laurdenean. Emaitza 29-17koa zen lehen hamar minutuak amaituta, baina Bilbao Basketeko entrenatzaileak ez du exijentzia maila batere jaitsi. Bigarren laurdenean, hamabost puntuko aldea jarri du markagailuan Bizkaiko taldeak, 36-21ekoan eta 38-23koan.

Sibiu, hiru puntuko saskiratze batzuei esker, zortzi puntura jarri da (40-32), baina Bilbao Basketek beste sei puntu egin ditu, eta atsedenaldian 46-32 ari ziren irabazten etxekoak. Talde bisitariak ezin izan du abantaila murriztu. Hirugarren laurdenean, hogei puntutik gorako aldea ere izan du Bilboko taldeak, 28 puntukoa ere, 65-37koan. Azken laurdena jokatu gabe zegoela, markagailua 67-41ekoa zen, hain zuzen ere.

Azken laurden horretan, etenaldi gehiago izan dira, epaileek hainbat falta eta kirolez kontrako falta adierazi baitituzte. Bilbao Basketen kalterako izan da hori (72-56), baina, batez ere De Ridderri eta Kullamaeri esker, etxekoek, azkenean, garaipen oso argia eskuratu dute, 89-64 markagailua izan dela.

Fitxa teknikoa

89 - Surne Bilbao Basket (29+17+21+22): Renfroe (5), Adam Smith (7), Rabaseda, Tsalmpuoris (13) eta Killeya-Jones (8) –hasierako taldea- Pantzar (8), Kullamae (11), Alex Reyes (3), De Ridder (13), Hlinason (11), Rigo (10) eta Barandalla.

64 - BC CSU Sibiu (17+15+9+23): Adnam (3), Dragoste (5), Ivanov (17), Minchev (11) eta Uta (8) -hasierako taldea-; Pratt (8), Gavriloaia (5), Kuti (5) eta Barro (2).

Partzialak: 29-17, 46-32 (atsedenaldian); 67-41 eta 89-64 (amaiera).

Epaileak: Ivor Mateejek (Txekia), Armin Mutapcic (Alemania) eta Martin van Hoye (Belgika). Ez dute jokalaririk kanporatu.

Gertakizunak: Europa Kopako multzo fasearen bigarren jardunaldiko B multzoko partida. Miribillan jokatu dute, eta 6.000 bat zale izan dira bertan.

Albisteak (1)