Europa Kopa
Bilbao Basketek eta Caledonia Gladiatorsek multzoko aurreneko postua jokatuko dute asteazkenean Miribillan
EITB MEDIA
Bi taldeek orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituzte, Anwil Wloclaweken eta Sibiuren aurka; hortaz, irabazleak lehenengo tokia sendotuko du. Neurketa 19:00etan hasiko da, eta eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean emango dute.
Bilbao Basketek eta Caledonia Gladiators Eskoziako taldeak B multzoko aurreneko postua jokatuko dute asteazkenean Miribillan, 2023-24 denboraldiko Europa Kopako multzoen faseko hirugarren jardunaldian. Bi taldeek orain arte jokatutako bi partidak irabazi dituzte, Anwil Wloclaweken eta Sibiuren aurka; hortaz, irabazleak lehenengo tokia sendotuko du. Neurketa 19:00etan hasiko da, eta eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean emango dute.
Hirugarren jardunaldia amaituta, multzoen faseko lehenengo itzulia bukatuta izango da. Txapelketan hamar multzo daude, eta multzoetako txapeldunek soilik dute bermatuta final-zortzirenetarako txartela; bigarren sailkatzen diren sei talde onenak ere izango dira fase horretan. Testuinguru horretan, Jaume Ponsarnauren taldea denboraldi hasieran erakusten ari den joko ona baliatzen saiatuko da; jokatutako azken norgehiagokan, Endesa Ligan, Bilbao Basketek 93-94 galdu zuen Lenovo Teneriferen kontra, luzapenean, eta, nahiz eta galdu, partida ona egin zuen.
Entrenatzaileak jokalari guztiak ditu eskuragarri, eta neurketa hasi baino apur bat lehentxoago erabakiko du zein gizon utziko duen deialditik at. Litekeena da hori barneko jokalarietako bat izatea; aurreneko bi jardunaldietan, hala gertatu zen, eta Georgios Tsalmpouris greziarra eta Denzel Andersson gelditu ziren taldetik kanpo.
Hala, partidaren aurreko prentsaurrekoan, Ponsarnauk argi esan du zer egin behar duen Bilbao Basketek Caledonia Gladiators mendean hartzeko: "Kontrolarekin korrika egin". Eskoziako taldea "oso fisikoa da, kolapsatu egiten du, eta oso zaila da haren aurka abantailak ateratzea".
"Aurkariek erantzukizun handia hartzen dute euren esku, lana gauzatzeko. Korrika egin behar dugu, baina kontrolpean; jokoa irekita badago, euren jokalaririk onenak oso eroso ibiliko dira", azpimarratu du.
Partida azaroaren 1ean jokatuko dute, asteazkenean, 19:00etan hasita, eta eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean emango dute.