Itxi

FIBA EUROPE CUP

Surne Bilbao Basket multzoko lehen postuaren bila irtengo da Porton

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

FIBA Europe Cupeko bigarren faseko bigarren norgehiagoka 21:00etan hasiko da, eta zuzenean izango da ikusgai ETB4n eta eitb.eus-en.

Bilbao Basketen artxiboko argazkia, Gottingenen kontrako partidan. EFE

Surne Bilbao Basketek FC Oporto taldearen kontra jokatuko du astearte honetan, 21:00etan, Portoko Dragao Arena pabiloian, FIBA Europe Cupeko bigarren faseko neurketan. Batetik, joan den larunbatean Endesa Ligan Rio Breoganen aurkako porrotari buelta eman nahi dio Bilboko taldeak gaur irabazita; bestetik, K multzoko lehen tokia lortu nahi du Europako txapelketan. Norgehiagoka ETB4n eta eitb.eus webgunean izango da ikusgai, zuzenean.

Hala, orain arte Europan egindako bide bikainari berrekingo diote beltzezko gizonek; izan ere, jokatutako zazpi partidak irabazi dituzte. Endesa Ligan, aldiz, 68-76 galdu zuten etxean joan den asteburuan Rio Breogan taldearen aurrean. Jaume Ponsarnaurenak Europara begira daude gaur, eta irabaziz gero, final laurdenak hurbilago izango dituzte.

FC Oporto Portugalgo Ligan partidarik galdu ez duen talde bakarra da. Horrez gain, Bulgarian sorpresa emanda ekin zion bigarren faseari, Balkan Botevgradi 63-88 nagusitu baitzitzaion. Gaur egun, berdinduta dago Bilbao Basketekin taldeko lehen postuan. Bilbotarrek larri irabazi zioten Gottingeni Miribillan jokatutako lehen aurrez aurrekoan.

Bi taldeek elkarren kontra jokatu zuten denboraldiaurrean, Paredes International Cup torneoan, eta Bilbao Basket izan zen nagusi orduan, 71-72, Kristian Kullamaek eta Tryggvi Hlinasonek gidatuta. Azken horrek ezingo du jokatu, bajan dagoelako oraindik.

Albisteak (1)

Bideoak (1)