Itxi

Kontratu berritzea

Kullamaek 2026. urtera arte luzatu du Bilbao Basketekin duen kontratua

Agentziak | EITB MEDIA

Kullamaerena azken egunetan iragarritako bigarren berritzea da, Melwin Pantzar joko antolatzaile suediarrarenarekin batera.

Kristian Kullamae, Bilbao Basketekin jokatutako partida batean. Argazkia: Efe.

Kristian Kullamae hegalekoak urtebete luzatu du Bilbao Basketekin duen kontratua, 2026ra arte, klubak berak aditzera emandakoaren arabera.

Bilbao Basketen emandako lehen denboraldian, 25 urteko esloveniarrak 48 partida ofizial jokatu ditu ACBn, batez beste, 10.1 puntu eta 2.3 errebote lortuta eta 1.9 asistentzia emanda.  FIBAko Europako Kopan, berriz, batez beste 10.7 puntu, 3.4 errebote eta 2.7 asistentzia egin ditu.

Horrez gain, Endesa Ligako jokalari onena izendatu zuten bosgarren jardunaldian 33 puntu eginda (Bilbao Basketen historian izandako bigarren puntu kopururik onena), eta 33 kredituko balorazioarekin.

Kullamaeren berritzea azken egunetan iragarritako bigarrena da, Melwin Pantzar joko antolatzailearenaren ostean. Suediarrak ere 2026ra arte luzatu du kontratua. Bestalde, Xabi Rabasedak eta Thijs de Ridderrek kontratua ziurtatuta dute, eta Tryggvi Hlinasonek kontratua du 2025era arte, baina klubetik atera ahal izateko etete klausulekin.

Horrez gain, urtarrilean fitxatutako Keith Hornsbyk Bilbon jarraitzeko aukera planteatzen ari dira klubean. Fitxaketei dagokienez, momentuz ez dute ezer jakitera eman, bizkaiko hedabideek Harald Frey joko antolatzaile norvegiarraren iritsiera eta Tomasz Gielo hegaleko pivotarena ziurtzat ematen dituzten arren.

Bajak

Bajei dagokienez, Alex Reyes, Tomeu Rigo, Girogios Tsampouris, Denzel Andersson eta Alex Renfroe jokalariek ez dute taldean jarraituko. Oraindik publikoki iragarri ez duten arren, badirudi Adam Smithek ere ez duela Bilbon jarraituko, eta Sacha Killeya-Jones ere beste nonbaitera joatea espero dute "beste taldeentzat jokalari erakargarria delako", Rafa Piueyo kirol zuzendariaren hitzetan.

Albisteak (3)