Fitxaketak
Surne Bilbao Basketek Zoran Dragic esloveniarraren fitxaketa konfirmatu du
Agentziak | EITB MEDIA
Jokalaria Cedevita Zagreb taldetik dator. Kroazioako ligan, batez beste, 15.9 puntu sartu eta 4.1 errebote hartu ditu partida bakoitzeko.
Surne Bilbao Basketek Zoran Dragic nazioarteko jokalari esloveniarraren fitxaketa konfirmatu du. Jokalaria aski ezaguna da talde bizkaitarrarentzat eta bere kontratazioarekin amaitutzat emango fitxaketen atala.
Zoran (Liubliana, 1.96 metro eta 35 urte) Goran Dragicen anaia da (biek NBAn jokatu zuten aldi berean) eta bilbotarrek denboraldi berrira begira konfirmatutako hamabigarren jokalaria da.
Dragic anaia txikiak Bilboko iazko taldeko Melwin Pantzar, Kristian Kullamae, Xabi Rabaseda, Thijs de Ridder eta Tryggvi Hlinason jokalariekin bat egingo du. Horrez gain, talde bizkaitarrak Harald Frey joko antolatzailea, Muhammad-Ali Abdur-Rahkman eskolta, Ruben Dominguez hegalekoa eta Tomasz Gielo, Marvin Jones eta Amar Sylla barne jokalariak konfirmatu ditu.
Zoran Dragic Cedevita Zagreb taldetik dator Bilbora eta Kroazioako ligan, batez beste, 15.9 puntu sartu eta 4.1 errebote hartu ditu partida bakoitzeko. ABA League delakoan 10,2 puntu egin ditu batez beste eta Eurokopa ere jokatu du.
ACB Ligan esperientziaduna
Esloveniarrak 2020ko Endesa Liga irabazi zuen Baskoniarekin eta esperientzia luzea du ACB Ligan, Europako lehiaketetan eta NBAn.
Endesa Ligaren kasuan, Unicaja taldean jokatu zuen 2012 eta 2014 urteen artean, eta Baskonian 2019tik 2021era. Europan zortzi Euroliga jokatu ditu, bost Eurokopa eta Eurochallenge; NBAn, berriz, Phoenix Suns eta Miami Heat taldeetan jokatu zuen.