Itxi

FIBA EUROPE CUP

Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketa jokatuko du, Neptunas nagusitasunez kanporatuta

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Itzuliko partidaren hasieran, talde lituaniarrak ezustekoa eman du, eta aurretik jarri da. Alabaina, bigarren laurdenean, Bilbao Basketek markagailua irauli du, eta hortik aurrera jaun eta jabe izan da neurketa osoan (95-59).

Xavi Rabaseda. Argazkia: EFE

Surne Bilbao Basket FIBA Europe Cup txapelketako fase erregularra jokatzeko sailkatu da, Neptunasen aurkako kanporaketa nagusitasun handiz gaindituta. Joaneko partidan, Klaipedan (Lituania), zortzi puntuko aldearekin irabazi zuen talde bizkaitarrak, eta gaur, Bilboko Miribilla pabilioian, 95-59 gailendu dira.

Kanporaketa Lituanian bideratu bazuen ere, itzuliko partida ez du ondo hasi Bilbao Basketek. Defentsa lanetan gaizki ibili dira, eta lehen laurdena sei puntuko desabantailarekin amaitu dute (18-24).

Bigarren laurdenean, berriz, Jaume Ponsaurnaren mutilek beste jarrera bat erakutsi dute, defentsan nahiz erasoko jokoan, eta 9-0eko partzialarekin, markagailua iraultzea lortu dute (27-24). Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, kantxan nagusituz joan dira, eta 11 puntuko errentarekin iritsi dira atsedenaldira (47-36).

Aldagelatik bueltan, talde bizkaitarrak bererari eutsi dio. Kullamae, Dragic eta Frey nabarmendu dira, eta haien saskiratzeei esker, Neptunas nagusitasun handiz menderatu dute. Hirugarren laurdenean, 22 puntuko aldearekin gailendu dira, eta, azkenean, errenta 36 puntukoa izan da.

Hortaz, kanporaketako bi neurketak irabazita sailkatu dira "beltzezko gizonak" FIBA Europe Cup txapelketako fase erregularrera.

FITXA TEKNIKOA

95 - Surne Bilbao Basket (18+29+26+22): Pantzar (11), Kullamae (15), Zoran Dragic (13), De Ridder (8) eta Hlinason (8) -hasierako bostekoa-; Frey (19), Abdur-Rahkman (1), Rabaseda, Sylla (3), Marvin Jones (7), Rubén Domínguez (7) eta Taboada (3).

59 - Neptunas Klaipeda (24+12+15+8): Nathan Johnson (12), Buie (2), Berucka, Waterman (13) eta Pavelka (9) -hasierako bostekoa-; Girdziunas (7), Janavicius, Gailius (4), Pacevicius (12) eta Repsys.

Partzialak: 18-24; 47-36; 73-51; 95-59.

Epaileak: Lorenzo Baldini (Italia), Martin Vulic (Kroazia) eta Geert Jacobs (Belgika). Ez dute inor kanporatu.

Gertakariak: FIBA Europe Cup txapelketaren atariko kanporaketaren bueltako partida, Miribillan. 6.322 ikusle izan dira.  

 

   

Albisteak (1)