Casillan
Bilbao Basketek Bulgariako Balkan jipoituz hasi du FIBA Europe Cup txapelketa
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Beltzezko gizonek 3.300 lagunen aurrean jokatu zuten Casillan, hasieratik ikusi izan dituen kantxan. 25 urte bete dituen honetan, omendu egin nahi izan dute pabiloia.
Surne Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketa Botevgradeko BC Balkani aise irabaziz hasi du, 95-55, Casilla pabiloi historikoan. Han sortu zen Bilbao Basket 2000. urtean, eta omendu nahi izan dute orain, kantxaren 25. urteurrenean.
Espero zuten moduan joan zen partida: taldean egindako lana ez ezik, Kristian Kullamae eskolta estoniarra (15 puntu, 7 asistentzia eta 22 puntuko balorazioa) eta Ruben Dominguez nabarmendu ziren (19 puntu, 11 jaurtiketetatik 7 eginda).
Surne Bilbao Basketek iaz ere aise irabazi zion Balkani txapelketa honetako bigarren fasean jokatutako bi neurketetan. Bulgariako taldean, Andrey Ivanov pibot beteranoa izan zen onena (9 puntu, 8 errebote eta 20 balorazio-krediturekin).
Amaierako 95-55 emaitzarekin, J Taldeko lider gisa abiatu du lehia; izan ere, taldeko beste partidan, Poloniako BC Prievidzak eta Georgiako BC Kutaisi 2010 mendean hartu zuen, 77-69. Jaume Ponsarnauren gizonek bi talde horien aurka jokatu beharko dute hurrengo bi jardunaldietan.
Fitxa teknikoa:
95 - Surne Bilbao Basket (27+17+18+33): Frey (5), Abdur-Rahkman (15), Rabaseda, De Ridder (7) eta Marvin Jones (6) —hasierako boskotea—, Pantzar (10), Kullamae (15), Dominguez (19), Gielo (6), Hlinason (6) eta Sylla (6).
55 - BC Balkan Botevgrad (16+13+17+9): Toshkov (4), Curtis Jones (7), Reeves (8), Gavrilovic (8) eta Marshall (2) —hasierako boskotea—; Grozev (5), Gerganov (5), Pishtikov (5), Korestilov (2) eta Ivanov (9).
Epaileak: Zdravko Rutesic (Montenegro), Nikolaos Tziopanos (Grezia) eta Henri Hilke (Finlandia). Ez dute inor kanporatu.
Gertakariak: FIBA Europa Kopako J Taldeko lehen jardunaldiko partida, Casillan, 3.300 ikusleen aurrean. Datu ofiziala. Patrik Saenz de Ugarte kapitain ohia omendu zuten, neurketa baino lehen.