Itxi

FIBA Europa Kopa

Bilbao Basketek BC Kutaisi hartu du mendean, 91-63, eta oso indartsu jarraitzen du FIBA Europa Kopan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jaume Ponsarnauren gizonek txapelketako fase erregularrean orain arte jokatutako bost partidak irabazi dituzte, eta lider jarraitzen dute J multzoan. Azken jardunaldian, hurrengo asteazkenean, BC Prievidzaren aurka arituko dira, eta multzoko aurreneko postua izango da jokoan.

Bilbao Basket, oraingoz, ezin hobeto dabil FIBA Europa Kopan. Argazkia: EITB Media.

Surne Bilbao Basketek BC Kutaisi hartu du mendean, 91-63, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako fase erregularreko bosgarren jardunaldian, Casillan, J multzoaren barnean, asteazken gauean. Hala, Jaume Ponsarnauren gizonek txapelketan orain arte jokatutako bost partidak irabazi dituzte, eta multzoko lider jarraitzen dute; azken jardunaldian, hurrengo asteazkenean, Bilboko taldea BC Prievidzaren aurka arituko da, eta multzoko aurreneko postua izango da jokoan.

Aurreko norgehiagoketetan ere gertatu denez, Bilbao Basketek alde handiz irabazi du BC Kutaisi aurkari; hala ere, Bilboko taldeak ohi baino arazo gehiago izan ditu partida kontrolatu eta markagailua mendean hartzeko. Atsedenaldian, Bilbao Basketek hamar puntu zituen alde, 38-28, baina BC Kutaisi aurretik zebilen lehenengo laurdena amaituta, 16-18, eta, bigarren laurdenaren erdian, oraindik ere ari zen irabazten, 26-28koan. Orduan iritsi da partida erabaki duen Bilbao Basketen erantzuna: 12-0eko partziala ezarri du Jaume Ponsarnauren taldeak, eta hirugarren laurdenean eutsi egin dio bolada bikain horri, 20-0ko partziala lortu arte (46-28). Erabat argi utzi du Bilbao Basketek, hortaz, garaipena eskuratu nahi zuela.

Partidako bigarren zatian, Casilla bete duten zaleen Bilboko taldeaz gozatzeko aukera izan dute, kontuan izanik garaipena guztiz bermatuta zutela etxekoek. Nabarmentzeko modukoa da Ruben Dominguezek egindako lan ona; izan ere, 15 puntu sartu ditu, beste edonork baino gehiago. Melwin Pantzar ere ibili da ederto, 12 puntu sartuta, sei errebote harrapatuta eta zazpi asistentzia emanda. Bilbao Basketeko hainbat jokalarik egin dute partida oso txukuna, egia esan.

Fitxa teknikoa

91 - Surne Bilbao Basket (16+22+25+28): Frey, Kullamae (11), Rabaseda (8), Sylla (2) eta Marvin Jones (12) —hasierako bostekoa—; Pantzar (12), Abdur-Rahkman (6), Dominguez (15), De Ridder (9), Hlinason (12), Chacon (2) eta Taboada (2).

63 - BC Kutaisi (18+10+14+21): Marquill Smith (11), Joiner (12), Berekashvili (8), Korsantia (7) eta Akaki Dvalishvili (9) —hasierako bostekoa—; Ochkhikidze (7), Berishvili (2), Sulaberidze (4), Soselia (3) eta Bekauri.

Epaileak: Nicolas Maestre (Frantzia), Gellert Kapitany (Hungaria) eta Goran Grbic (Eslovenia). Ez dute inor kanporatu.

Gertakizunak: Casilla ia bete egin da.

Albisteak (4)