Itxi

Europa Kopa

Bilbao Basket multzoko lehen postuan igaroko da Europa Kopako hurrengo fasera

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Beltzezko gizonek BC Prievidza Eslovakiako taldea garaitu dute Casillan (87-66), eta J multzoko buruan amaitu dute.

Harald Frey (eskuinean) aurkari baten aurrean saskiratzea lortu nahian. Argazkia: EFE

Bilbao Basketek aise irabazi dio Eslovakiako BC Prievidza taldeari (87-66), Casillan jokatutako neurketan, FIBA Europe Cup txapelketako multzoko faseari zegokion 6. jardunaldian.

Bilboko taldekoek ez diote aurkariari inongo aukerarik eman nahi izan, eta hasieratik ekin diote nagusitasunez agintzeari, eta horren adierazle etxekoen aldeko hastapeneko partzial argia (10-0). Prievidzakoak saiatu dira lehiari erritmoa hartzen, eta lehen laurdena amaitu denerako emaitza apur bat txukuntzea lortu dute (21-16). Dena den, atsedenaldian etxekoek berriro izan dute 10 puntuko aldea markagailuan (48-38), batez ere Kristian Kullamae estoniarraren puntuek emandako hauspoari esker (11 puntu lehen zatia amaitu denean, jaurtiketetan hutsik egin gabe).

Ponsaurnauren gizonak norgehiagoka guztiz erabakita uzteko asmoz kantxaratu dira aldageletatik bueltan, eta laster islatu da bi taldeen artean dagoen aldea. Hala, Ruben Dominguezen hirukoak tarteko, besteak beste, 24 puntuko zuloa zabaldu dute, azken 10 minutuen faltan (71-47).

Laugarren laurdenean gauzek bere horretan jarraitu dute, eta azkenerako 87-66ko emaitzarekin gailendu dira beltzezko gizonak.

Txapelketaren bigarren fasea abenduaren 4an hasiko da Bilbokoentzat. L Multzoan arituko dira, eta bertan Frantziako Cholet Basket, Sardiniako Banco di Sardegna Sassari (C eta D multzoetako txapeldunak, hurrenez hurren). Horiez gain, Frantziako beste talde bat ere izango dute aurkari: ESSM Le Portel, hamar taldeetako sei bigarren onenetan, bosgarrena.

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)