FIBA Europa Kopa
Bilbao Basket Choleten aurka arituko da, gaur, Miribillan, FIBA Europa Kopako partida garrantzitsuan
EITB MEDIA
Neurketa 20:00etan hasiko da, eta ETB4n eta eitb.eus.en izango da ikusgai, zuzenean. Bilboko taldearen aurkaria lider dabil Frantziako Ligan, eta, Bilbao Basketek ere egin zuenez, garaipena eskuratu zuen bigarren faseko lehen jardunaldian.
Surne Bilbao Basket Cholet taldearen aurka arituko da arratsalde-gauean, Miribillan, FIBA Europa Kopan, txapelketako bigarren faseko bigarren jardunaldian, L multzoan, eta partida gakoa izan liteke multzoaren barnean. Neurketa 20:00etan hasiko da, eta ETB4n eta eitb.eus-en ikusgai izango da, zuzenean. Bilboko taldearen aurkaria lider dabil Frantziako Ligan, eta, Bilbao Basketek ere egin zuenez, garaipena eskuratu zuen bigarren faseko lehen jardunaldian.
Testuinguru horretan, Bilbao Basketek, orain arte, bederatzi partida jokatu ditu FIBA Europa Kopan, eta denak irabazi ditu (bi, sailkatze kanporaketan; sei, fase erregularrean, eta bigarren faseko aurrenekoa, Sassariren aurka, 89-91). Ezin hobeto dabil, hortaz, Bizkaiko taldea, nazioarteko txapelketan; Endesa Ligan, ordea, Ponsarnauren gizonek, hamar jardunalditan, hiru garaipen dituzte, eta hamalaugarren postuan dabiltza.
Cholet, aurreko astean, bigarren faseko lehenengo partidan, Le Portel menderatu zuen, etxeko talde gisa, 85-82. Bilbao Basketek eta Frantziako taldeak, horrenbestez, L multzoko lehenengo postua izango dute jokoan; partidan irabazle irtengo denak lortuko du aurreneko tokian izatea.
Arestian esan bezala, neurketa 20:00etan hasiko da, Miribillan (Bilbao Basket ohiko bere etxera bueltatuko da), eta ETB4k eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute.