FIBA EUROPE CUP
Bilbao Basketek Le Portel menderatu du (74-65), uste baino gehiago sufrituta
A. A. | EITB MEDIA
Beltzezko gizonak 23 puntuz aurretik heldu dira atsedenaldira, baina bigarren zati txar batek urduritasuna eraman du Miribillako harmailetara. Alabaina, azkenerako etxean geratu da garaipena, eta beltzezkoek multzoko lider jarraitzen dute.
Bilbao Basketek ibilbide irmoarekin segitzen du FIBAren Europa Kopan; izan ere, txapelketa horri dagokion bigarren faseko hirugarren jardunaldiko neurketan irabazi egin du berriro, oraingoan Le Portel Frantziako taldearen aurka, eta, hartara, L Multzoko lider sendoa da hirutik hiru neurketa irabazita.
Lehenengo laurden kaskarra jokatu dute bi taldeek, jokoan motel arituta eta jaurtiketetan hutsegite ugari eginez, baina azken bi minutuetan beltzezko gizonak zorroztasun gehiagoz ibili dira saskira begiratzerako garaian, eta alde zabala ireki dute berehalako batean, Melwin Pantzarrek eta Zoran Dragicek bi hiruko jaurtiketa sartuta (22-10).
Bigarren hamar minutuak beltzezkoen nagusitasunaren isla baino ez dira izan, eta Pantzarren gidaritzapean (denera, 18 puntu egin ditu) markagailuko tartea handitzen jarraitu dute, 23ko zuloa zabaldu arte (47-24).
Haatik, atsedenalditik bueltan, Jaume Ponsarnauren jokalariek oso trakets berrekin diote lehiari, baloi asko galtzen eta saskiarekin haserre. Hala, Frantziako taldeak, aparteko jokorik egin gabe, emaitza txukundu du 10 eta 18ko partzialarekin (57-42).
Azken laurdeneko hastapenean etxekoek ezinean jarraitu dute, eta bisitariak lau puntura gerturatu dira (61-57), Miribillan bildutako zaleen harridurarako. Alabaina, Harald Freyren bi hirukok lasaitasuna itzularazi dute harmailetara tarte batean (69-59), baina ez da erabatekoa izan, Le Portelek miraria lor zezakeela sinisten baitzuen, eta lanean jarraitu du. Dena dela, azkenerako Bilbao Basketek eskuratu du garaipena, uste baino gehiago sufrituta (74-65).
Fitxa teknikoa:
74 - Surne Bilbao Basket (22+25+10+17): Frey (14), Abdur-Rahkman (10), Rabaseda (2), De Ridder (6) eta Jones —hasierako bostekoa—; Pantzar (18), Dominguez (5), Zoran Dragic (3), Sylla (9) eta Hlinason (7).
65 - ESSM Le Portel (10+14+18+23): Zoriks (10), Konate, Diawara (10), Fevrier (12) eta Nunge (12) —hasierako bostekoa—; Gholston (13), Boyer (8), Meyniel, Essis eta Ebunangombe.
Partzialak: 22-10, 47-24 (atsedenaldian); 57-42 eta 74-65 (amaiera).
Epaileak: Paulo Marques (Portugal), Marek Kukelcik (Eslovakia) eta Ioannis Agrafiotis (Grezia). Rabaseda kanporatu dute, bost falta egin ditu eta (38. min).