FIBA Europa Kopa
Europa Kopako finalerdietako itzuliko Bilbao Basket vs Dijon partida, gaur, zuzenean, eitb.eus-en eta ETB4n
EITB Media
Bilboko taldeak 19 puntuko desabantaila irauli behar du finalerako txartela lortzeko. Norgehiagoka 20:00etan hasiko da, eta zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETB4k.


Dijon vs Bilbao Basket finalerdietako joaneko partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EITB Media
Surne Bilbao Basketek JDA Dijonen aurka jokatuko du astearte honetan FIBA Europa Kopako finalerdietako itzuliko partida. Neurketa 20:00etan hasiko da, Bilbao Arenan, eta zuzenean emango dute eitb.eus-ek eta ETB4k.
Bilboko taldearen helburua da finalerako txartela lortzea, baina zail du helburuari heltzea, 19 puntu baino gehiagoko tartearekin irabazi beharko baitio Frantziako taldeari.
Joanekoan Dijon jaun eta jabe izan zen, eta 77-58ko emaitzarekin bereganatu zuen garaipena. Hala ere, Bilbao Basket kanporaketa irauliko duelakoan dago, zaleen babesa izango baitu itzuliko norgehiagokan.