GBC-Valentzia (76-68)
Lagun Arok denboraldiko hirugarren garaipena lortu du
Erredakzioa
Gipuzkoarrek garaipena Miguel Santosi eskaini diote. Neurketa azken laurdenean erabaki da. Donostiarrek Valentzia baino gehiago asmatu dute azken partzialean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Lagun Aro GBCk Valentzia Basket (76-68) hartu du mendean, Illunben. Horrela, gipuzkoarrek denboraldiko hirugarren garaipena erdietsi dute etxean, eta David Doblas kapitainak Miguel Santos klubaren ohorezko presidenteari eskaini dio. Santos ospitalean larri dago, auto istripua izan ostean.
Lehen laurdenean bi taldeak ez dira batere fin aritu, batez ere erasoan. Bi taldeek antolaketa falta azaldu dute erasoak zuzentzeko orduan. Lagun Aroren kasuan, taldearen egoera dela-eta sortu den kezka kantxara pasa dela ematen du.
Hala ere, Sito Alonsoren jokalariek aurreko neurketetan baino hobeto defendatu dute eta Valentziaren hasiera eskasak nagusitzeko aukera eman die. Donostiarrak hiru puntuko aldearekin joan dira lehen atsedenaldira (18-15).
Bigarren laurdenean Lagun Arok gehiago sakatu du, baina parekotasuna nagusi izan da atsedenaldia baino lehen. Valentzia Basket norgehiagokan sartu da eta oso talde deserosoa eta zaila dela demostratu du. Horrela, gipuzkoarrek izerdia bota behar izan dute markagailuan goitik jarraitzeko, eta lortu dute (43-39).
Lehen zatiko sentsazio onen ostean, bigarren zatiaren hasieran akatsak errepikatu ditu Lagun Arok eta orain arte gertatu bezala hanka-sartzeek zigortu behar zutela ematen zuen. Gainera, epaileek kirolez kontrako falta zalantzagarri bat adierazi diote Papamakariosi, eta horrek gauzak gehiago okertu ditu.
Eragozpenak bai, baina Valentziak ez du ondo jokatu eta donostiarrek markagailuan aurretik mantentzeko aprobetxatu dute (56-54). Azken laurdenean valentziarrek baloia asko galdu dituzte eta gipuzkoarrek sufritzen jarraitu dute.
Hala ere, jarraitzaileak eta jokalariak garaipena posible zela sinesten hasi dira, eta horrek Valentzia zigortu du. Horrela, garaipena etxean geratu da, baina ederki sufrituta.