Itxi

Hirugarrena jarraian

Garaipen estua lortu du GBCk Iberostar Teneriferen kontra (70-66)

Erredakzioa

Lehen laurden bikaina egin eta gero, bigarrenean parekatu egin da partida, eta Sito Alonsoren taldeak azken unera arte sufritu behar izan du garaipena eskuratzeko.

David Doblas. Argazkia: EFE

Gipuzkoa Basketek irabazi egin du Ilunbeko neurketa,  Iberostar Tenerife mendean hartuta (70-66). Endesa Ligako bere hamabigarren garaipena eskuratu du talde gipuzkoarrak.

Sito Alonsoren taldeak lehen laurden biribila egin du. Indartsu atera da, sendo, eta ez dio aurkariari aukerarik eman. Azken minutuetan 11 eta 0eko partziala egin, eta 17 puntuko errentarekin (26-9) amaitu du lehen laurdena.

Bigarrenean, baina, neurketa parekatu da. Iberostar Tenerife esnatu egin da, Nico Richottik hamalau puntu egin ditu, eta etxekoek ez dute biko saskeratzerik sartu. Hiru puntu goitik joan da GBC atsedenaldira (37-34).

Hirugarren laurdenaren hasieran etxekoek partidaren kontrola bereganatu dute (43-34), baina Kickerten lan bikainari esker, Iberostar berriro hurbildu da markagailuan, eta 51-49koa zen emaitza laurdenaren amaieran.

Azken laurdena hasi eta berehala berdindu dute  bisitariek neurketa (51-51). Dena erabakitzeko zegoen. Amaierarako hamazortzi segundo falta zirela, puntu bakarreko alde zuen GBCk (66-65). Azken segundo erabakigarri horiek ondo kudeatu ditu GBCk, Javi Salgadoren gidaritzapean, eta garaipena Donostian geratu da azkenean.

Doblas izan da neurketako saskiratzaile nagusia (17 puntu), eta Richottik jaso du balorazio altuena (27).

Fitxa teknikoa:

70.- Gipuzkoa Basket: Neto (9), Cortaberria (3), Robinson (14), Ramsdell (10), Doblas (17) -hasierako bostekoa- Salgado (14), Hunley, Motos, Olaizola, Huskic (3).

66.- Iberostar Tenerife: Uriz (5), English (4), Rost (4), Sikma (3), Kickert (14) -hasierako bostekoa- Richoti (25), Bivia, (5) Heras (2), Chagoyen (2), Fajardo (2).

Partzialak: 26-9; 37-34-atsedenaldia- 51-49; 70-66.

Albisteak (2)