Itxi

Endesa Liga

Gipuzkoa Basketek play offaren ametsari eutsi dio, CAIri irabazita

L.E. | eitb.com

Donostiarrak 73-62 gailendu dira, partida ona jokatuta. Garaipen horri esker, salbazioa matematikoki ziurtatu dute Sito Alonsorenek.

Charles Ramsdell izan da GBCko jokalarik onenetarikoa. Efe.

Gipuzkoa Basketek garaipen garrantzitsua erdietsi du etxean CAI Zaragozaren aurka jokatutako partidan. Zaragoza makal aritu da, eta gipuzkoarren nagusitasuna eztabaidaezina izan da.

Lehen laurdenean oreka izan da nagusi. Hiru puntuz gorako alderik zabaltzea ez du lortu, ez batak ez besteak. Charles Ramsdell bikain aritu da kanpoko jaurtiketan eta horri esker gipuzkoarrek aurretik amaitu dituzte lehen 10 minutuak: 16 eta 14.

Bigarren laurdenean, Ramsdellek min egiten jarraitu du hiruko marratik egindako jaurtiketekin. Horrek eta Sito Alonsoren mutilen taldeko lan txukunak markagailuko aldea handitzea ekarri du, eta atsedenaldirako etxekoak 11 puntuz gora izan dira: 35-24. CAI iparra galduta aritu da lehen zati osoan.

Atsedenaldiaren ostean, gipuzkoarrek partidako alderik handiena zabaldu dute, 20 puntukoa (49-29, hirugarren laurdeneko erdiko aldera). Erasoan sendo aritu dira, eta defentsan baloi piloa lapurtu dituzte donostiarrek. Hortxe etorri da, hala ere, zaragozarren erreakzioa. Ramsedell kantxatik desagertu eta Jonesen susperraldia eskutik etorri dira. Ondorioz, kanpokoak 51 eta 44 hurbildu dira hirugarren laurdenaren amaieran.

Azken 10 minutuetan, Sito Alonsoren taldeak nagusi izaten jarraitu du eta markagailuko aldeari eustea lortu du, Zaragozarrek ia oztoporik jarri barik: 73-62. Garaipen horri esker, Gipuzkoa Basketek datorren denboraldian Endesa Ligan jokatzea matematikoki ziurtatu du, eta, horrez gain, play offetan sartzeko aukerekin jarraitzen du.

Fitxa teknikoa:

73.- Gipuzkoa Basket: Salgado (15), Motos, Robinson (24), Ramsdell (15), Doblas (8)- hasierako boskotea- Hanley (2), Cortabarria (9), Olaizola, Huskic.

62.- CAI Zaragoza: LLompart (2), Steffanson (7), Rúdez (7), Sanikidze (4), Norel (4)- hasierako boskotea- Marín, Tabu (9), Jones (23), Fontet, Tomás Pérez, Roll (6).

Markagailua, laurden bakoitzean: 16-14; 35-24 -atsedenaldia- 51-44;  73-62.

Albisteak (3)