75-92
Gipuzkoa Basketek garaipen handia lortu du Estudiantes jipoituta
Erredakzioa
GBC taldeak 75-92 irabazi dio Movistar Estudiantesi Madrilen, denboraldiko bigarren garaipena eskuratuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gipuzkoa Basketek 75-92 irabazi dio Movistar Estudiantesi Madrilen, eta bigarren garaipena lortu du Endesa Ligan. Denboraldi honetan gipuzkoarrek lortu duten bigarren garaipena izan da, Norel izendatu dute partidako jokalari onena, 'MVP', bigarren jardunaldiz jarraian.
Hasieratik izan da nagusi GBC. Lehen saskiratzea talde gipuzkoarrak lortu du, eta hortik aurrera aurretik joan da. Minutuak igaro ahala, Donostiako taldea abantaila handituz joan da, eta lehen hamar minutuak 12 puntuko aldearekin amaitu ditu GBC taldeak: 11-23. Bigarren laurdenean, nagusitasun are handiagoa izan du Gipuzkoa Basketek, eta 27-48ko emaitzarekin iritsi da neurketa atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ostean, partidaren gidoia ez da aldatu. Gipuzkoa Basket jaun eta jabe izan da, eta Estudiantes ezinean ibili da. Ondorioz, Donostiako taldearen aldeko 22 puntuko abantailarekin amaitu da hirugarren laurdena: 46-68. Azken laurdenerako, dena erabakita zegoen. Gipuzkoa Basketek ez du arazorik izan abantailari eusteko, eta garaipena eskuratu du, 75-92ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
75 - Movistar Estudiantes (11+16+19+29): Cook (13), Brizuela (3), Suton (2), Landesberg (14) eta Arteaga (1) —hasierako bostekoa—, Cvetkovic (6), Caner-Medley (6), Hakanson (6), Brown (10), Vicedo (9), Peña (5) eta Savane (-).
92 - Gipuzkoa Basket (23+25+20+24): Dani Perez (14), Van Lacke (3), Swing (8), Norel (16) eta Clark (12) —hasierako bostekoa—, Salvo (11), Fakuade (2), Agbelese (10), Chery (8), Oroz (4) eta Pardina (4).
Epaileak: Juan Carlos Garcia Gonzalez, Andres Fernandez eta Javier Torres.