Itxi

ACB Liga

Manresa-Lagun Aro, (75-74): Porrot mingarria Gipuzkoa Basketentzat

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Partida bukaerarako bost segundo falta zirenean San Miguelek saskiratzea lortu du eta garaipena eman dio talde katalanari. Atsedenaldian 28-40 irabazten aritu da talde gipuzkoarra.

Lagun Aro Gipuzkoa Basketek porrot mingarria jaso du Asignia Manresaren aurka. Partida bukaerarako bost segundo falta zirenean San Miguelek sartutako saskiratzeak hgaraipena eman dio talde katalanari (75-74).

Lehen laurdenean berdintasuna izan zen nagusi. Bi taldeek baloi guztiak borrokatzen zituzten eta ondo aritu dira saskiaren aurrean. Horrela, lehen hamar minutuak katalanen aldeko 19-17koa emaitzarekin bukatu ziren.

Bigarren laurdenean norgehiagokaren gidoia asko aldatu zen. Gipuzkoa Basket bikain kantxaratu zen eta 0-15eko partzialarekin abantaila polita hartu zuten Lasoren mutilek (19-32). Atsedenaldira hamabi puntuko abantailarekin iritsi ziren gipuzkoarrak (28-40).

Atsedenalditik bueltan etxeko taldea oso indartsu kantxaratu zen eta ezustean harrapatu zuen Gipuzkoa Basket. Manresak 0-6koarekin hasi zuen laurdena eta pixkanaka aldeak murrizten hasi zen. Asko berdindu zen neurketa eta hirugarren laurdenaren bukaeran Lagun Arok hiru puntu8ko abantaila besterik ez zuen (45-48).

Guztia azken laurdenean erabakiko zen. Ia laurden guztian zehar aurretik joan da markagailuan Lagun Aro, baina etxeko taldeak ez du inoiz partida galdutzat eman. Oso estu joan da markagailua azken minutuetan eta bukaerarako bost segundo falta zirenean Manresako San kiguel jokalariak saskiratzea lortu du eta garaipena eman dio bere taldeari (75-74).

Fitxa teknikoa:

75 - Assignia Manresa (19+9+17+30): San Miguel (18), Llorca, Grimau (16), Majstorovic (10), Slokar (11) -hasierako bostekoa-, Lopez (12), Gladyr (6), Alzamora (-), Hernandez (-) eta Lewis (2).

74 - Lagun Aro GBC (17+23+8+26): Salgado (11), Baron (13), Panko (16), Miralles (4), Doblas (4) -hasierako bostekoa-, Uriz (10), Kone (-), Lorbek (8), Tskitishvili (8) eta Sanchez (-).