Itxi

77-95

Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Valentziaren aurka

eitb.eus

Delteco GBCk 77-95 galdu du Endesa Ligako 26. jardunaldiko partida. Donostiako taldea 0-17 hasi da galtzen, eta ezin izan dio desabantaila horri buelta eman.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Delteco GBCk porrota jaso du Valentziaren aurka (77-95) Endesa Ligako 26. jardunaldiko partidan. Hasiera oso txar batek maldan gora jarri dio neurketa talde gipuzkoarrari, eta ezin izan dio hasierako desabantaila horri buelta eman.

Oso gaizki ekin dio neurketari Gipuzkoa Basketek, Valentziak 0-17ko partziala sartu baitio. Cheryk moztu du bisitarien hasierako partziala, GBCren lehen saskiratzea eginda (2-17). Jaun eta jabe izan da Valentzia, eta talde bisitariak 21 puntuko abantaila eskuratu du lehen laurdenaren amaieran (10-31).

Bigarren laurdenerako, maldan gora izan du partida Delteco Gipuzkoa Basketek. Etxeko taldea saiatu da aldea murrizten, baina Valentzia nagusi izan da eta ez dio gerturatzen utzi. Valentzia aldeko 31-55eko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Atsedenalditik bueltan, desabantaila murriztea izan da Gipuzkoa Basketen helburua. Delteco GBC 12 puntura gerturatu da (46-58), baita 11 puntura ere (54-65), baina laurdenaren erdialdetik aurrera berriro nagusitu da Valentzia, eta talde bisitariak 16 puntuko abantailarekin (54-70) ekin dio azken laurdenari.

Emaitzari buelta ematea oso zaila izan arren, ahalegina egin du talde donostiarrak eta 10 puntura gerturatu da (71-81). Aldea murriztuta ikusi duenean, Valentziak partidaren erritmoa bizitu du, eta zuloa ireki du berriro. Hortxe amaitu dira Gipuzkoa Basketen esperantzak. Amaieran, Valentziaren garaipena, 77-95eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

77.- Delteco GBC: Dani Perez (9), Pardina, Swing (13), Clark (5), Agbelese (6) —hasierako bostekoa— Norel (6), Chery (20), Fakuade (8), Van Lacke (4), Salvo (3), Oroz, Beraza (3).

95.- Valentzia: Van Roosom (6), Abalde, Doornekamp (17), Martínez (15), Dubjevic (13) —hasierako bostekoa— Garcia (10), Williams (4), Sastre (13), Green (11), Thomas (6).

Epaileak: Cortes, Garcia Ortiz eta Zamorano.

Markagailua: 10-31; 31-55; 54-70; 77-95.

Albisteak (3)

Bideoak (1)