89-74
Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Bartzelonaren aurka
eitb.eus
Delteco GBC taldeak 89-74 galdu du Barçaren aurka eta ezin izan du salbazio matematikoa lortu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Delteco GBC taldeak 89-74 galdu du Bartzelonaren aurka Palau pabilioian Endesa Ligako 29. jardunaldiko partida. Porrot honek eragotzi egin du talde gipuzkoarrak matematikoki salbazioa lortzea.
Partida bizi hasi da, eta talde gipuzkoarrak abantaila lortu du laurdenaren erdialdera iristean (5-9 eta 8-12). Ondorengo minutuetan aldeari eustea lortu du Delteco GBC taldeak (13-17), baina lehen laurdeneko azken minutuan Bartzelonak aurrea hartu (19-17) eta 5 puntuko errenta eskuratu du (24-19).
Bigarren laurdenean Bartzelona izan da jaun eta jabe. Kataluniako taldeak azkar lortu du zuloa irekitzea. Minutuak aurrera joan ahala, gero eta alde handiagoa ireki du Barçak. Delteco GBCk ez du asmatu erasoan eta defentsan asko kosta zaio Barçaren erasoak gelditzea. Ondorioz, 11 puntuko abantailarekin iritsi da Bartzelona atsedenaldira (46-35).
Atsednaldiaren ostean, Delteco GBCk ezer gutxi egin ahal izan du aurkariaren nagusitasunaren aurrean. Bartzelona jaun eta jabe izan da, Gipuzkoa Basket saiatu da etxeko taldeak abantaila handiegia har ez dezan, eta 3. laurdena etxeko taldearen aldeko 68-56ko emaitzarekin amaitu da.
Azken laurdenean erakustaldia eman du Bartzelonak eta 20 punturainoko abantaila izan du (82-62). Gipuzkoa Basket ezinean ibili da, desabantaila zertxobait murriztea lortu du, eta neurketa Barçak irabazi du (89-74).
Fitxa teknikoa:
89 - Bartzelona Lassa (24+22+22+21): Heurtel (7), Jackson (11), Koponen (11), Moerman (9), Tomic (8) -hasierako bostekoa-, Ribas (11), Pressey (3), Vezenkov (12), Oriola (14), Claver (3) eta Navarro (-).
74 - Delteco GBC (19+16+21+18): Chery (19), Jordan Swing (10), Pardina (5), Agbelese (6), Clark (12) -hasierako bostekoa- Dani Perez (5), Salvo (9), Fakuade (2) eta Oroz (6).
Epaileak: Cortes, A. Fernandez eta Munar.