Ilumben
Lagun Aro-Fuenlabrada (74-94): Kezkatzeko moduko porrota
Erredakzioa
Pablo Lasoren taldeak ezin izan du talde madrildarra etxean gainditu eta seigarren porrota jarraian jaso du bere zaleen aurrean.
Gipuzkoa Basketek garaipena ezagutu gabe jarraitzen du eta sei partida dira jada. Donostiarrek 74-94 galdu dute Fuenlabradaren aurka itxura kaskarra emanez. Zaleek txistuekin agurtu dute taldea.
Bigarren laurdenean Gipuzkoa Basketek arazo askorekin jarraitu du erasoan eta madrildarrek saskiraketak lortzen jarraitu dute 18-32koa jarriz. Kone eta Salgado erantzuna ematen saiatu dira, baina Fuenlabrada sendo mantendu da defentsan eta 15 puntuko aldearekin joan da atsedenaldira (30-45).
Hirugarren laurdenean Baron agertu da hiruko marratik eta estatubatuarrak saskiraketa garrantzitsuak lortu ditu Lagun Arorentzat. Hala ere Fuenlabradak erakusketa eman du erasoan eta Rabaseda eta Biyombo ezin izan dituzte gipuzkoarrek gelditu. 43-59koaren ondoren Pankok puntu erabakigarriak lortu ditu etxekoentzat, partida madrildarrentzat erabakita ez gelditzeko eta azken laurdenera 53-66ko emaitzarekin joan dira bi taldeak.
Azken laurdenean Salva Guardia berriro azaldu da erasoan eta gipuzkoarrak galduta ibili dira defentsan. Urizek Lagun Aro 11 puntura jartzea lortu du saskiraketa batekin (65-76), baina madrildarrek erakustaldia eman dute erasoan kanpoko eta barneko jokoa tartekatuz. Partidako azken uneetan Fuenlabradak berriro sakatu du eta Pablo Lasoren mutilek porrot mingarria jaso dute euren zaleen aurrean (74-94).
Fitxa teknikoa:
74.- Lagun Aro GBC: Uriz (4), Baron (17), Panko (16), Miralles (5), Doblas (9) -hasierako bostekoa-, Kone (14), Lorbek, Salgado (7), Lasa, Tskichivili, Alfonso Sanchez (2).
94.- Alta Gestion Fuenlabrada: Laviña, Valters (10), Ayon (7), Guardia (24), Cortaberria (5)- hasierako bostekoa- Kus (13), Mainoldi (7), Colom (7), Biyombo (12), Rabaseda (9).