83-71
Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Breogan aurkari zuzenaren kontra
Erredakzioa
Delteco GBC taldeak 83-71 galdu du Cafes Candelas Breogan taldearen aurka, eta mailari eusteko lehian atzerapausoa eman du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Delteco Gipuzkoa Basketek porrota jaso du Cafes Candelas Breoganen aurka (83-71) Galizian jokatu duen Endesa Ligako 15. jardunaldiko partidan, eta mailari eusteko lehian atzerapausoa eman du, Breogan aurkari zuzena baitzen.
Talde donostiarrak 0-4ko partzialarekin ekin dio neurketari, baina etxeko taldeak azkar erantzun eta aurrea hartu du markagailuan (6-5 eta 11-8). Aurretik jartzeak mesede egin dio Breogani. Galiziarrak abantailak handitzen hasi dira, eta 10 puntuko errenta lortu dute (20-10) laurdena bukatzeko 3 minutu falta zirenean. Orduan etorri da Delteco GBCren erreakzioa eta lehen laurdena, soilik 2 puntuko desabantailarekin amaitu du Gipuzkoa Basketek (23-21).
Bigarren laurdenari oso gaizki ekin dio Gipuzkoa Basketek eta Cafes Candelas Breogan horretaz baliatu da, zuloa irekitzeko. Nagusi izan da etxeko taldea, eta 15 punturainoko abantaila eskuratu du (42-27) laurdenaren erdialdean. Atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan, GBCk lortu du bere jokoa hobetzea, baina 11 puntuko desabantailarekin joan da aldageletara (47-36).
Atsedenaldiaren ostean ez da partidaren gidoia aldatu. Cafes Candelas Breoganek nagusi izaten jarraitu du, eta Delteco Gipuzkoa Basket ezinean ibili da. Talde donostiarra ez da gai izan aldeak murrizteko eta hirugarren laurdena, etxeko taldearen aldeko 61-49ko emaitzarekin amaitu da.
Azken hamar minutuei 11 puntuko desabantailarekin ekin die Gipuzkoa Basketek. GBCren asmoa aldeak murriztea eta azken minutuetan garaipenaren bila jotzea izan bada ere, ez du hori lortu, eta ez du aukerarik izan aurkaria urduri jartzeko. Breoganek sendo jokatzen jarraitu du, eta garaipena eskuratu du (83-71).
Fitxa teknikoa:
83. Cafes Candelas Breogan (23-24-14-22): Cvetkovic (11), Millsap (9), Vidal (6), Brown (12), Gerun (8) -hasierako taldea-, Sulejmanovic (9), Belemene (-), Cristian Diaz (4), Lucio Redivo (7), Salva Arco (15), Dragicevic (2) eta Lofberg (-).
71. Delteco GBC (21+15+13+22): Nevels (12), Daniel Perez (11), Barro (2), Burjanadze (10), Corbacho (3) -hasierako taldea-, Sekulic (6), Van Lacke (2), Gutierrez (8), Bobrov (14) eta Oroz (3).
Epaileak: Jimenez Trujillo, Aliaga eta Torres. Dani Perez kanporatu dute (37. min).