Luzapenean erabaki da
Bilbao Basket-Lagun Aro, (92-86): Euskal derbia, bizkaitarrentzat
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Gipuzkoa Basketek hiru puntuko abantaila izan du bukaerarako sei segundoren faltan, baina Jacksonek partida berdindu du azken segundoan. Bizkaia nagusitu da luzapenean.
Bizkaia Bilbao Basketek eta Lagun Aro Gipuzkoa Basketek emozioz betetako euskal derbiajokatu zuten Miribillako pabilioian eta garaipena Bizkaian geratu zen (92-86). Luzapena behar izan zen irabazlea nor izango zen jakiteko.
Lehen laurdenean jaun eta jabe izan zen Bilbao basket. Gipuzkoarrek oso gaizki jokatu zuten eta ez zuten asmatzen ez erasoan ezta defentsan ere. Bilbotarrak abantaila handiak lortzen hasi ziren eta bosgarren minuturako 11 puntuko abantaila zuten (17-6). Lagun Aroren erreakzioa ez zen iristen eta lehen hamar minutuak Bizkaiaren aldeko 13 puntuko abantailarekin (23-10).
Bigarren laurdenaren hasieran gidoia ez zen aldatu eta Bilbao Basket zen nagusi. Katsikarisen mutilek gutxi gora behera lehen laurdeneko abantaila manetnzten zuten (31-19), baina 15. minutuan etorri zen gipuzkoarren erreakzioa. Momentu horatik aurrera Lagun Aro nagusi izan zen eta aldeak murrizten ere hasi zen. Norgehiagoka 40-37ko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan guztiz aldatu zen partida. Gipuzkoarrak pasa ziren jaun eta jabe izatera eta aurkaria baino hobeto jokatzera. Joko hobetze horren ondorioz Lagun Arok lehen aldiz aurrea hartu zuen markagailuan (54-53) eta laurdena gipuzkoarren aldeko sei puntuko abantailarekin bukatu zen (56-62).
Azken laurdenean eromena izan zen nagusi. Markagailua estu joan zen azkeneraino. Bukaerarako sei segundo falta zirenean Lagun Arok hiru puntuko abantaila zuen (73-76), baina azken unean Jacksonek sartutako hirukoak berdineketa eraman zuen markagailura (76-76). Partida luzapenera joan zen.
Luzapenean Bilbao Basketek erosoago jokatu zuen eta gehiago asmatu zuen. Mumbru bikain ibili zen hiruko marratik eta berak desorekatu zuen norgehiagoka. Azkenean, Bizkaia Bilbao Basketek irabazi zuen partida 92-86ko emaitzarekin.