Itxi

2013. urtera arte

Pablo Laso beste bi urte izango da Lagun Aro taldeko entrenatzailea

Erredakzioa

Gorka Ramoneda taldeko presidenteak duela hilabete batzuk esan zuenez, taldea "pozik" dago entrenatzailearen lanarekin eta Lasok beti esan du "gustura" dagoela Donostian.

Lagun Aro GBC saskibaloi taldeak eta Pablo Lasok akordioa lortu dute entrenatzailearen kontratua beste bi urtez luzatzeko, eta horrela, prestatzaile gasteiztarra talde gipuzkoarrean izango da 2013a arte.

Laso laugarren urtea egiten ari da GBC entrenatzen, LEB Oro mailan zegoela 2007an heldu zenetik. Denboraldi horretan bertan lortu zuen
taldeak ACB Ligara igotzea, eta bertan mantendu da orain arte.

ACBn egindako lehen denboraldian, taldek hamabigarren bukatu zuen, 11 garaipen eta 21 porrotekin. 2009-2010 denboraldia hamalaugarren
amaitu zuen, 13 garaipen eta 21 porrotekin, eta oraingo sasoian, Lagun Aro GBC-k bederatzi garaipen eta 17 porrot daramatza, hamaulagarren izanik sailkapenean.

Pablo Lasok ekainean bukatzen zuen kontratua. Gorka Ramoneda taldeko presidenteak duela hilabete batzuk esan zuenez, taldea "pozik" dago entrenatzailearen lanarekin eta beti izan du berarengan konfiantza, "denboraldiaren hasieran ezarritako helburuak lortzen dituelako". Bestalde, Lasok beti esan du "gustura" dagoela Donostian eta taldeak eman dion konfiantza eskertu du.

Lasoren kontratuaren berritzea ostiralean aurkeztuko dute prentsaurrekoan, 10:15ean, San Sebastian Arena 2016 pabiloian. Bertan izango dira Gorka Ramoneda presidentea eta Pablo Laso bera.


Albisteak (1)