Igoera
ACBk helegitea jarri du Gipuzkoa Basketek Endesa Ligan jokatzearen aurka
eitb.eus
Endesa Ligan 18 talde soilik egon daitezela nahi du Kluben Elkarteak
Saskibaloiko Kluben Elkarteak (ACB) helegitea aurkeztu du (ofizialki jakinarazi ez duen arren) Gipuzkoa Basketek (GBC) 2020/2021eko denboraldiko Endesa Ligan izena eman ez dezan. Hala baieztatu dio talde gipuzkoarrak Euskal Telebistari.
ACBren asmoa ikasturte berrian 18 talde egon daitezela da, aurreko urteko berak, 2019-2020 denboraldirako jaitsierarik ez egotea erabaki baitzuen, koronabirusak txapelketa eten ostean.
Hala ere, GBCk Urrezko LEB Ligatik igotzea lortu zuen, eta bere asmoa ACB ligan jokatzea da. Hori dela eta, bere interesak defendatzeko Justiziara jo zuen. Horrela, Bartzelonako epaitegi batek, auto judizial baten bidez, Kluben Elkarteari eskatu zion Endesa Ligan parte hartzera gonbidatu zezala talde donostiarra.
Horren aurrean, ACBk ez zuen gonbidapen hori egiteko beste aukerarik izan, baina "kautelazko neurrien aurka" egiteko aukera gorde zuen, eta aukera hori praktikan jarri du orain.
GBCk bere taldea aurkeztu du
Bien bitartean, Gipuzkoa Basketek asteazkenean ofizial egin zuen Endesa Ligan jokatzeko taldea. Alabaina, aldi berean, German Cea gerentearen bitartez, ez zuen baztertzen ACBk bere igoerari oztopoak jartzea, hala gertatu den bezala.
Donostiako taldearekin harremanetan jarrita, baieztatu egin dute ACBk helegitea aurkeztu duela, baina lasaitasuna helarazi nahi izan dute, eta erabaki horren aurka egingo dutela adierazi dute, "ACB direla eta hala izaten jarraitzea espero dutela" azpimarratuz.